Lekeitioko Udalak 2020ko udal aurrekontuei ekarpenak egiteko tartea zabaldu du
Urriaren 15era arte egongo da ekarpenak egiteko aukera. Lekeition erroldatuta dauden eta adin nagusikoak diren guztiek parte hartu ahalko dute.
Lekeitioko Udalak 2020ko aurrekontuen inguruan herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko prozesua zabalduko du aurten ere. Lekeition erroldatuta dauden eta adin nagusikoak diren guztiek parte hartu ahalko dute.
Urriaren 15era arte egongo da ekarpenak egiteko aukera. Horretarako eskuorri bat bete eta udaleko edozein bulegotan aurkeztu ahalko da, edo, bestela, udaleko web orrialdera, partehartzea@lekeitio.eus helbide elektronikora edo WhatsAppera (688727095) bidali.
Udalak azaldu duenez, urriaren 21erako herritarrek egindako ekarpenak erantzungo dituzte, eta azaroaren 14an, behin-behineko 2020ko aurrekontuak argitaratuko dituzte Udaletik aldizkarian.
“Azaroaren 15etik 22ra bitartean herritarrek berriro ere, aukera izango dute ekarpenak egiteko”, zehaztu dute. Bigarren buelta horretako ekarpenak azaroaren 28rako erantzungo ditu udalak. Horrez gain, egun horretan bertan herritarrei zuzendutako batzar zabala egongo dela aurreratu dute. 2020ko aurrekontuak azaltzeko batzarra, 19:00etan egingo da kultur etxean.
Udalaren asmoa, abenduaren 2an, aurrekontuak onartzeko osoko bilkura egitea da.
Batzordeak. Bestalde, Lekeitioko Udalak udal batzorde ezberdinetan parte hartzeko gonbitea luzatu die herritarrei. “Batzordeak irekiak eta zabalak dira, udal ordezkariez eta eragileez gain, Lekeition erroldatutako eta adin nagusikoa den edozein herritarrek parte hartu dezake horietan”.
Jakitera eman dutenez, batzordeak hilabeteko egun berdinean egingo dira, iluntzean, beti ordu berdina mantenduz. “Batzarretan parte hartzeko nahia erakutsiz gero, datu pertsonalekin datu base bat osatu eta herritarrok batzarraldietarako deialdiak jasoko dituzte”, zehaztu dute. Batzordeetan parte hartzeko izena udal bulegoetan edota udalaren webgunean eman daiteke.
Bileretara etortzeko konpromisoa ezinbestekoa dela gaineratu dute, “batzordearen funtzionamenduaren onurarako eta bertan lantzen diren ekimenak aurrera eraman ahal izateko”.
Guztira zortzi batzorde zabal egongo dira martxan:
- Hirigintza, Obrak eta Iraunkortasuna
- Emakumea eta Berdintasuna
- Gizarte Politikak
- Kirola
- Hezkuntza eta Euskara
- Kultura eta Lekeitio 700
- Ekonomia eta Lurralde Garapena
- Ogasuna, Kontuak eta Finantzak