Urrian egingo dituzten ekintzen berri eman du Mendexako Goialde elkarteak
Gimnasia saioak (astelehen eta eguaztenetan), hitzaldiak (urriak 7an eta 14an) eta irteerak (urriaren 19an eta 23an) antolatu dituzte. Hirugarren adinekoentzako izango dira batez ere ekintzak, baina herritar guztiek parte hartu ahal izango dute.
Mendexako adinekoen Goialde elkarteak ekintza ugari antolatu ditu urrirako. Alde batetik, maiatzera bitartean mantentze gimnasia saioetan parte hartzeko aukera edukiko dute herritar guztiek; saioak Leire Goitisolok gidatuko ditu eta astelehen eta eguaztenetan egingo dira, 16:00etatik 17:00etara, udaletxeko ganbaran.
Datozen bi astelehenetan, gainera, gaur egun gizartean presente dauden gaiei buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte, 17:15ean, udaletxeko ganbaran bertan. Urriaren 7an, Azken nahiak eta bizi testamentua izango du mintzagai Amaia Zenigaonaindiak. “Eduki ahal ditugun gaixotasunen harira, oso interesgarria iruditu zaigu gai hau jorratzea. Izan ere inguruko herrietan ere ari dira hitzaldi hauek ematen”, esan dute antolatzaileek. Urriaren 14an, berriz, suak amatatzeko itzalgailuen erabilerari buruzko ikastaroa emango du Pedro Zenigaonaindia Mendexako alkateak.
Baina herritik irteteko aukera ere izango dute hirugarren adinekoek. Urriaren 19an [zapatua] Lea-Artibaiko Itsas Baserri elkartekoekin batera, Oletatik Gizaburuagara arteko ibilalditxoa egingo dute. Irteerak eskualdeko nagusien elkarteetako partaideak batuko ditu, urtero legez, eta ibilbidearen bukaeran jan-edana egingo dute. 10:00etan ekingo diote martxari Oletan, eta bidean aurkituko dituzten errotei buruzko azalpenak eskainiko dizkiete parte hartzaileei. Goialdekoek jakitera eman dutenez, ekintza horretan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da; urriaren 10a [eguena] da horretarako azken eguna.
Hurrengo astean, urriaren 23an [eguaztena], Bilboko Arte Ederren Museora egingo dute bisita gidatua, eta ostean Kortezubiko Lezika jatetxean bazkalduko dute. Bazkalostean mus, briska eta tute txapelketak jokatuko dituzte. Interesatuek urriaren 15a [martitzena] baino lehen eman beharko dute izena, 25 euro ordainduta.
Batean zein bestean parte hartzeko, interesatuak Marilurekin jarri behar dira harremanetan.