BTT martxa egingo dute Etxebarria inguruko mendietan zehar
09:00etan abiatuko dira parte hartzaileak bidea osatzera. Bi ibilbide egongo dira aukeran domekako proban.
Etxebarriko Txik-Txak Kirol Elkarteak antolatuta Etxebarriko VI. BTT Martxa egingo dute domekan [urriak 6] Etxebarria inguruko mendietan zehar. Bi ibilbide edukiko ditu aukeran, eta bi anoa postu: bata Madalenan eta bestea Arnoaten. Antolatzaileek esan dutenez, ibilbide biak zein baino zein errazagoak izango dira.
09:00etan abiatuko dira parte hartzaileak bidea osatzera. 35 kilometroko ibilbide luzeak 1.300 metroko desnibela edukiko du; 27 kilometroko motzak, berriz, 1.000 metroko desnibela.
“Herrian jan-edana eta musika ez dira faltako, eta amaieran laguntzaileek emandako oparien zozketa egingo da”. Guztira 50 oparitik gora banatuko dituzte: 12 cava botila, 12 botila sagardo, 6 botila txakolin, Leaktibai Abentura bonua, 29″ ko hiru gurpil azal, 4 multi-erreminta, balazta pastillak, afari bi lagunentzat, gau bat Antsotegi hotelean eta Orbeak emandako oparia. Horrez gain, parte hartzaile guztientzat izango dutela oroigarria aurreratu dute Txik-Txak elkartekoek.
Bestalde, dortsalak hartu eta ibilbidera irten bitartean, 08:00etatik 09:00etara gosaritxoa ere eskainiko dute. Oraindik izenik eman ez dutenek egunean bertan ere edukiko dute horretarako aukera.