2018an Euskaraldia "egoki gauzatu" zela ondorioztatu dute
Arduradunek ikerketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egin dute, Euskaraldiaren emaitzak nolakoak izan diren jakiteko. Diotenez, azterketa horrek ahalbidetu du 2018ko Euskaraldiaren balorazio orokor bat egitea eta hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuen gakoetan sakontzea.
2018an Euskaraldiak izandako parte hartze masiboa “egundokoa” izan dela esan dute; 225.154 pertsonak izena eman zuten. Orain, ariketa sozialak utzitako emaitzak aztertzeko, azterketa sakon bat egin dute; kuantitatiboki eta kualitatiboki egin dute azkerketa. Ondorio nagusia izan da ariketa “egoki gauzatu” zela. “Hobetzeko tarterik egonda ere, parte hartzaile gehienak zinez saiatu dir ahartutako konpromisoak betetzen”.
Ikerketako emaitzen arabera, Ahobiziek betetze maila altua izan dute ulertzen dutenekin euskaraz egiteko, bai eta ezezagunekin lehen hitza euskaraz egiteko zereginean ere. Dena dela, Belarriprestentzako nekezagoa izan da euskaldunei euskaraz aritzeko eskaera luzatzea, “kasurik gehienetan jokabide arrotzat hartu delako”.
Parte hartzaileen hizkuntza erabilerari dagokionez, aldaketa handiak ekarri ditu Euskaraldiak ariketa sozialak iraun zuen 11 egunetan. Ariketa amaitu eta hiru hilabetera ere aldaketari “proportzio esanguratsuan eutsi” zaiola gaineratu dute. “Parte hartzaileen hizkuntza jokaerak nabarmen astin du dira Euskaraldiak iraun duen bitartean”. Dena dela, astindutako hori guztia ez dela finkatu gaineratu dute. “Askok aipatu du testigantzetan ariketa motza geratu zaiola, 11 egun ez baitira egun asko”. Ondorioztatu dutenez, ez da tarte handirik egon hizkuntza jokaera berriak errotzeko eta egonkortzeko. “Hala eta guztiz ere, hizkuntza jokaera berriaren arrasto esanguratsuak gelditu dira Euskaraldia bukatu eta hilabeteek aurrera egin ahala”.
Bestetik, hizkuntza bilakaera orokorrak baino aldaketa handiagoak egin dituzte euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek. “Ez dute hainbesteko aldaketarik egin Euskaraldiaren hasieran hizkuntza gaitasun altua erakutsi dutenek; jada euskaraz egiteko joera nabarmena dutenek eta gune soziolinguistikorik euskaldunetan bizi direnek”.
Oro har, gaineratu dutenez, Euskaraldiak hizkuntza jokaeran eragin dituen aldaketak orokorrak izan dira parte hartzaile guztientzat.”Denek egin dute aurrera euskararen erabileran, baina aldaketarik handiena egin dutenak ahobizi euskaldun hartzaileak izan dira”. Atzetik geratu dira belarriprest euskaldun hartzaileak, belarriprest euskaldun osoak eta ahobizi euskaldun osoak. “Garrantzitsua da azpimarratzea Euskaraldiak sortutako dinamika orokorrak nola bultzatu dituen belarriprestak modu naturalean euskara erabiltzera”.
Profilen erabilerari dagokionez, ahobizi euskaldun osoa kategoriakoak izan dira gehienak. Dena dela, datuek beste aukera batzuen aberastasuna ere utzi dute agerian: Euskaraz hitz egiteko muga batzuk izan arren, ahobizi eginkizunari heltzeko aski adorea eduki dutenak (ahobizi euskaldun hartzailea), euskaraz hitz egiteko arazorik ez eduki arren belarriprest eginkizunari heldu diotenak (belarriprest euskalduna) eta euskaraz aritzeko zailtasun nabariak eduki eta belarriprest zereginean aritu direnak (belarriprest euskaldun hartzailea).
Txapen arrakasta ere agerian utzi du ikerketak. “Txapa identifikagarriei esker jende askok (ahobiziek bereziki) bultzada handia sentitu du euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko. Batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra piztu die”.
Zailtasunak ere agerian geratu dira ikerketaren emaitzetan. Zailtasunik handienak hiru alderditan antzeman dira: euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun mugatua dutenekin euskara jarduteko jokabidea ez da asko zabaldu, ele biko elkarrizketari luze eusteko ere zailtasunak egon dira, eta solaskideari euskaraz aritzeko gonbita edo eskaera (asertiboa) egiterakoan ere deseroso samar sentitu dira parte hartzaile asko, bereziki belarriprestak.
Horrez guztiaz gain, Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte hartzaile askori eta ariketak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu duela ondorioztatu dute. “Giro babesle eta irekia sortu du ariketak. Hala nola, euskaraz egin nahi zuenak zilegitasun soziala nabaritu du lasaitasunez jokatzeko eta hainbatek zentzua ikusi dio hizkuntza nagikeria gainetik kentzeko”.