Kameratoia Lekeition ospatuko dute aurten ere
Urriaren 25etik 27ra egingo dute euskarazko ikus-entzunezkoen rallya. Izena ematen duten lehen 30 lagunek egonaldia eta gosaria edukiko dituzte doan.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak bat egin dute berriro ere, eta, beraz, Lekeition egingo da, aurten ere, Kameratoia. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezkoen rallya urriaren 25etik 27ra ospatuko da, eta jadanik zabalik dago bertan parte hartzeko aukera.
Urriaren 25ean jakingo dute parte hartzaileek gaia eta 26an hasiko dituzte grabaketak. Lanak, berriz, urriaren 27an aurkeztuko dituzte Ikusgarri aretoan egingo duten ekitaldian.
Gaiaren inguruan hausnartu, gidoia idatzi, grabatu eta irudiak muntatuko dituzte parte hartzaileek. «Lekeitio eta bere kaleak izango dituzte parte-hartzaileek haien lanak aurrera eramateko, eta filma lasaitasun osoz muntatzeko gune bat jarriko da partaideen eskura».
Sariak. Lan onenentzat sariak egongo dira. Film labur onenak 1.000 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak 600 eurokoa. Horrez gain, publikoak ikuslearen saria aukeratuko du.
Kameratoiko lehen sariaren irabazlea Euskaltzaleen Topagunek antolatutako Laburbira zirkuitu ibiltariaren barruan sartuko dela jakitera eman dute. Gainera, lehenengo eta bigarren sarituak Durangoko Azokaren barnean antolatzen den DemaSA lehiaketan parte hartuko dute, Euskal Herriko beste lehiaketetako finalistekin batera.
Rallyan parte hartzeko izena Kameratoiaren web orrialdean ean ahalko da urriaren 23ra arte. Jakitera eman dutenez, gainera, izena ematen duten lehenengo 30ek, Lekeitioko Trinkete Aterpetxean egonaldia eta gosaria doan edukiko dute lanak aurkeztearen truke.