Lekeitioko San Jose elizako erlojuaren makineria ikusgai jarriko dute
San Jose Elizako erlojua konpondu dute uda honetan. Gabonak inguruan matxuratu zen 1881 urtean Parisko Collin etxeari erositako erloju mekanikoa.
Gaur egun eskuturrera edota mugikorrera begiratzen dute askok eta askok ordua jakiteko, baina luzaroan, kanpandorretako erlojuak izan ziren herritarrek denbora neurtzeko zeukaten aukera bakarra. Gora begiratu edota kanpai hotsak entzunda jarraitzen zuten denboraren iragana. Herri guztietan bezala, lekeitiarrak garai berrietara egokituta badaude ere, berehala sumatu zuten San Jose edo Konpainiako elizako erloju zaharraren falta. Egun batetik bestera, 14:20ak besterik ez zituen ematen orratzak.
Gabon inguruetatik geldirik egon da erlojua, uztailean Lekeitioko Udalak konponketak egin dituenera arte. Erlojuaren makineria desmuntatu zuten esferara iristeko, asmoa makineria konpontzea zuten. Baina matxura ezin konpondu eta makineria berria ezarri zioten, eta martxan dago berriro ere. 08:00etatik 22:00etara jotzen ditu kanpaiak.
Collin etxekoa. Iñaki Madariaga Valle historiazaleak Parroquia de Santa Maria de Lekeitio liburuan aipatzen duenez, San Jose elizako erlojua bere garaiko erlojurik hoberena da. Gaur egungo erlojua ez da hasiera batean elizan instalatu zutena, 1881 urtean Jose Antonio de Amias alkate zenean Lekeitioko Udalak Parisen erositakoa baizik. Parisko Collin etxeari dorreko erloju bat erosi zion udalak; Succr de BH Wagner ereduko erloju mekanikoa, hain zuzen. Etxe berak egindakoa da, esate baterako, joan den apirileko sutean erre zen Notre Dameko erlojua. San Joseko elizan erloju berria jartzeko lanak 1881 urteko azaroaren 10ean amaitu zituzten. 138 urte ditu, beraz, erlojuak.
Jose Antonio de Amias alkate zela erabaki zuen udalak erlojua erostea
Erlojua Francisco de Intxusagarri aguazilak zaintzen zuela azaltzen du Madariagak. 1846tik aurrera bera arduratu zen erlojuaren zaintzaz eta korda emateaz. Hark lana utzi zuenean, Jose Casado Gutierrez erlojugilea jarri zen postu horretan, erlojuaren makineria zaintzen eta konpontzen, 1970eko hamarkadara arte. Ostean, Astorkia familiak hartu zuen erlojuaren kargua. Lehenengo, Felipe Astorkia Urriola-Auzokoak, eta jarraian, haren seme Iñaki, Juan eta Felix Astorkia Retolak, azken hori jubilatu zen arte.
Gaur eguneko erlojuaren aurretik, Roque de la Pradak 1786 urtean Santa Maria elizarako egin zuen erlojua egon zen San Jose elizan. Madariagak jakin duenez, 1786 urtean, Santa Maria elizako dorreko erlojua zaharkituta zegoela eta, Manuel de Gizaburuaga alkate zuen udalak erloju zaharra konpondu edo berri bat egitea erabaki zuen. Horretarako, De la Prada erlojugile durangarragaz jarri ziren hartu emanetan erabaki bat hartzeko.
Dirudienez, erloju zaharra konpondu zuten, beharbada, berria egiten zuen bitartean martxan egoteko, eta konponketak egin ostean, erlojugileak berria egin zuen.
1798 urtera arte, De la Prada bera arduratu zen Santa Maria dorreko erlojuaren matxurak konpontzeaz.
1846ko uztailaren 30ean, Santa Maria elizako erlojua lekuz aldatzea erabaki zuen udalak, eta San Jose elizara eraman zuten, herritarrentzat egokiagoa izango zelakoan. Jose Javier de Uribarrenek ordaindu zituen lekuz aldatzeko obraren gastuak.
Collin etxeak egindakoa zen bai eta Notre Dameko erlojua ere
Esan bezala, 1846urtetik 1881 urtera arte egon zen erlojua San Jose elizan. Erlojua aldatzea erabaki zutenean, Parisen bizi zen Claudio de Abaroa lekeitiarrari baimena eman zioten Collin etxeagaz tratua egiteko. Erloju zaharra, bestalde, Martin de Elordik konpondu ondoren, San Pedroko kofradia zaharrera eraman zutela dio Madariagak. Kofradia zaharreko azken solairuan ipini zuten. Arrantzaleen kofradia zaharreko eraikina 1803an hasi eta 1808an amaitu zuten.
Gordeta. Orain arte San Jose elizan egon den erlojuaren garrantzia ikusita, erlojuaren makineria mantentzea erabaki dute. Momentu honetan makineria Konpainian bertan dago gordeta, eta eliza horretan bertan mantentzea da asmoa. Udalak jakitera eman duenez, datorren urteko aurrekontuan diru kopuru bat gordeko dute beira-arasa bat prestatzeko, eta San Jose elizako txoko batean kokatu duten beira-arasa horren barruan jarriko dute makineria publiko zabalarentzat ikusgai.
Beraz, 1881 urtean Lekeitioko Udalak 4.059,40 pezetagaz eskuratu zuen altxorra hurre-hurretik miretsi ahalko dute lekeitiarrek hemendik gutxira.