Ondarroako Goiko Zini bete du Marabillik, 'Agur Etxebeste!' filmarekin
Festibalaren hirugarren eguna ospatu dute gaur, zinema, antzerki eta musika aukera zabalarekin. Bihar emango diote amaiera egitarauari.
Azken aulkira arte bete da gaur [urriak 5] Ondarroako Goiko zini, eta jendea kanpoan geratu da, sarrerarik barik. Publiko ugari erakarri du Abante zina Aitzol! ekimenaren barruan Goiko Zinean eskaini duten Agur Etxebeste! filmak. Txalo artean hartu ditu publikoak Ondarroako aurkezpenean egon diren Ramon Agirre aktorea eta Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariak.
Ilara luzea egin da zinemaren aurrean, eta aldez aurretik utzi diote publikoari aretora sartzen Marabilli Sormen Festibalaren antolatzaileek Manuelistak kultur elkartekoek. Zalaparta ere sortu da momentu batean atarian. Izan ere, berehala ezagutu du jendeak bertan zegoen Ramon Agirre aktorea. Nagusiek Etxebeste bezala hauteman dute gehiago, baina gazteek, Goazen telesaileko zuzendariagaz argazkiak atera nahi izan dituzte.
Publiko guztia eserlekuetan kokatu denean hasi dute aurkezpena Yerai Diaz Ikaran kazetari eta aurkezleak, Ugaitz Alegria aktoreak eta Ainhoa Etxebarria irrati esatari eta aktoreak; hirurak ondarrutarrak.
Aitzol Aramaio zinemagile ondarrutarraren omenez ospatzen den festibala izanik, lehen berbak urtero legez, ekitaldian egon diren Aramaioren lagun eta senideentzat izan dira. “Bosna muso danontzako bereziki etxe etxekoei”, esan diete.
Ederra dela adierazi dute, gaurkoan zinema horrela ikustea, baina are ederragoa izango litzateke oraindik, astebururo horrela egongo balitzateke. “Zinema egon badago, baina martxan jartzea faltako litzateke”.
Orain dela 14 urte, Aupa Etxebeste! filmak, euskal zinemari buelta bat eman ziola gogora ekarri dute. “Oso arrakasta handia eduki zuen eta gaur bigarren parteagaz datoz Agur Etxebeste!-gaz”. Film berria Donostiako Zinemaldian estreinatu dute bai eta zinema aretoetan ere, eta gaur Marabilli festibalari esker eta bere eskutik ailegatu da Ondarroara.
Agur Etxebeste! filmeko lantaldea oholtzara gonbidatu dute lanaren zertzeladak emateko, eta filmak edukitako harreragaz “pozik” agertu dira aktorea eta zuzendariak. “Plazer handia berriro Ondarroara etortzea. Oso polita da horrenbeste jende ikustea”, esan du Altunak.
Etxebeste familiak berdin jarraitzen duela aurreratu dute. Aurreko filmean alkate modura amaitzen zuen, eta lanbide berri horretan estutasunetan jarri dute protagonista. “Harrera ona izaten ari da, eta ni beldurtuta nago. Aupa Etxebeste!-ren bigarrena egin baldin badugu izan da jendeari asko gustatu zitzaiolako. Eta Pixka bat urduri nago, zeren hau ere gustatzen ari da eta agian hirugarren bat egin beharko dugu”, esan du Telmo Esnalek, umorez.
Momentu honetan euskarazko zinema egitea “posible dela” ere adierazi du zuzendariak. “Gero eta produkzio hobeagoak egiten dira, bata bestearengandik diferenteak, eta sortu da horrelako industri bat eta bizi daiteke gaur egun zinema egiteaz gure herri honetan”.
Kaleko giroa. Zinemagaz gainera, antzerkiagaz eta musikagaz ere gozatzeko aukera ekarri du Marabillik, festibalaren hirugarren egunean ere. Goizean, Bergara, Elgoibar, Mutriku, Urretxu eta Ondarroako erraldoi eta buruhandien kalejira eta topaketa egin dira Zubi Zahar Herri Ikastolaren eskutik. Herriko txistulari eta Bilboko gaiteroekin lagunduta alaitu dituzte kaleak. Musika alorrari dagokionez, TTek! Elektrotxaranga herriko txoko guztietara martxa zabaltzen aritu da eta The Incult taldearen kontzertua egon da Plaza Musikan, besteak beste.
Sormenak adinik ez duenez, txikienek ere izan dituzte eurei begirako ekimenak. Arratsaldean, esaterako, film baterako eszenak sortzen aritu dira txiki eta gaztetxoak Itsasaurre plazan Herribixiko Nerea Gartzia eta Eneko Arrate aktoreekin. Zuzendari, aktore eta errejidoreen lekua hartu dute umeek.
Bestalde, Marabilli I. Film Labur Lehiaketako sariak banatu zituzten atzo [urriak 4]. Lehenengo saria Aiert Goenaga eta Fede Badiolak eraman dute eta bigarrena Leire Ikaranek eta Goretti Serranok. Igor Rezola Itsasondokoak, Jondi Diaz legorretarrak eta Nagore Agirre ondarrutarrak osatu dute epaimahaia.