Janari gozoz eta giro onez bete da Ispaster
Kuadrilla Eguna ospatu dute gaur ispastertarrek. Ia 200 lagun batu dira frontoian egin duten bazkarian.
Janari gozo usainez bete da gaur [urriak 5] goizean goizetik Ispasterko San Migel elizaren aterpea. Bertan prestatu dute Kuadrilla Eguneko bazkaria herritarrek. Beste eginkizun batzuk tarteko, aurten kuadrilla batzuk falta izan badira ere, guztira, bederatzik parte hartu dute urteroko hitzordu berezian.
Kuadrillako kamiseta koloretsuak jantzita, goizetik hasi dira eguneko prestaketekin. Urtero modura, lehen betebeharra hamaiketakoa egitea izan dute. Ez edozelakoa, gainera. Mimo guztiagaz prestatu dituzte txorizo, odoloste, olagarro, berdura brotxetak bai eta bakailaoa ere. Sabelak bapo, sukaldariak ekinean hasi dira berriro, eguerdiko jatekoa ere ordurako prest-prest egoteko. Lehiaketarik ez da egoten, baina balego, ez luke epaimahaiak aukeraketa erraz edukiko. Izan ere, sukaldari finak aritu dira lanean, eta lapikoko ederrak prestatu dituzte. Marmitakoa, paella, zangar zopa, entsalada, zangarra, piper gorriak eta postrerako pastelak eduki dituzte beste batzuen artean.
Elizpetik haratzago ere egon da jaia. Bola Txapelketa jokatu dute, alde batetik, plazaren ondoko bolatokian, eta trikitilariekin dantzan egiteko aukera ere egon da, bestetik. Denetara, 23 lagunek parte hartu dute bola jokoan. Hamar txirlo (bederatzi handi eta txiki bat) bota behar zituzten bolariek bola handia erabilita. Berdinketa egon da amaieran eta zein baino zein gehiago ibili dira azkenean, Enrique Malaxetxebarria eta Aitzol Erkiaga. Azkenean, baina, txapela Malaxetxebarriak jantzi du. Bigarren geratu da, beraz, Aitzol Erkiaga eta hirugarren bere anaia Aritz Erkiaga puntista ezaguna.
IƱaki eta Garirekin batera triki poteoan ere ibili dira ispastertarrak, batetik bestera. Eta, bazkaritan elkartu dira ondoren frontoian. Hotza edota euria egin zitekeenaren ustez, frontoian bazkaldu du aurten, ia 200 laguneko taldeak.