Ekintza berriak estreinatuko ditu 36. Urriko Azoka Nagusiak
Zapatuan [urriak 12] ospatuko da Markina-Xemeinen Urriko Azoka Nagusia. Antzerkia, kalejira eta Gababusa dira, besteak beste, aurtengo berritasunak. Zelaibarri, Goiko Portala, Zelaia eta Plazabarripea izango dira azokaren gune nagusiak.
Lea-Artibaiko nekazaritza eta abeltzaintza onena elkartuko da, beste behin ere, zapatuan [urriak 12] Markina-Xemeinen egingo den Urriko Azoka Nagusian. Berritasunez bete dator azoka, ekintza gehiagogaz, eta Gababus zerbitzua ere eskainiko dute lehenengoz. Zelaibarri, Goiko Portala, Zelaia eta Plazabarripea izango dira azokaren gune nagusiak. Urtero modura, 10:00etan hasiko dira ekintzak.
Lea-Artibaiko 36 ekoizlek produktu aukera zabala ekarriko dute Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak eta Markina-Xemeingo Udalak eskualdeko eta Mallabiako udalen babesagaz antolatzen duten azokara. Horien artean, ortuariak, frutak, gaztak, baserriko ogia eta gozoak, arrain kontserbak, sagardoa, txerrikiak, ahatekiak, olioa, txakolina eta barazki kontserbak. Guztira, 64 postu jarriko dituzte Zelaiaren bueltan azokara hurreratzen direnek produktu horiek guztiak ikusi, erosi edota dastatu ahal izateko.
Horrez gain, hogei artisau eta lau baserri tresneria saltzaile ere egongo dira ekoizleen ondoan, eta eskualdeko elkarte batzuek ere euren produktuak salduko dituzte. Plazakola egoitzakoak eta Izarbidean eta Sartu zabaltzen elkartekoak ere Urriko Azokan egongo dira.
Abereak. Ohi modura, abereak izango dira azokako beste protagonista nagusiak. Alde batetik, Lea-Artibaiko ganadu erakusketa egingo da, eta bestetik, Euskal Herriko etxe abereena. Denetara 40 abeltzainen animaliak jarriko dituzte ikusgai Zelaibarriko aparkalekuan kokatuko duten animalien gunean. Udaletxearen eskuineko partean egongo diren eskualdeko abeltzainen behi, idi, zaldi eta ardiez gain, aukera egongo da bai eta ere Euskal Herriko abereen ─asto, behi, ardi, euskal artzain txakur eta Azpi Gorri ahuntzen─ erakusketaz gozatzeko.
Azokako jarduerarik ezagunenetarikoa, bestalde, Akitaniako Blonda idi-arrazako txapelketa izaten da. Aurten Euskadiko 24. Txapelketa lehiatuko dute Markina-Xemeinen eta zazpi ukuiluren 105 abelburuk parte hartuko dute, txahal eta nagusi: bost Gipuzkoakoak eta bi Bizkaikoak. Horien artean egongo dira Markina-Xemeingo Illaispe baserriko Ismael Arriolaren animaliak eta Arrietako Makuleta baserriko Iturbe anaienak. Gipuzkoatik etorriko dira, berriz, Aretxabaletako Haritz Kortabarria, Azpeitiko Antonio Olaizola eta Luzia Orbegozo, Errenteriako Jose Mari Ezeiza eta Orioko Jose Angel Zendoia.
Gorka Elortza Laspiur lehiaketa antolatzeaz arduratzen den Euskadiko Blonda Federazioko koordinatzaileak azaldu duenez, maila handiko animaliak, “punta-puntakoak” ikusi ahalko dira Markina-Xemeingo lehiaketan. “Parte hartuko duten animali batzuk irailean Espainian egin den txapelketan parte hartu eta sariak irabazi dituzte. Beraz, Espainiako txapeldunak bertan ikusteko aukera egongo da”.
Blonda arrazako ganadua ezkerreko partean egongo da ikusgai, eta bertan egongo da bai eta ere lehiaketako gunea. Lehiaketa 16 sailetan banatuta egongo da, hiru atal idizkoenak izango dira eta gainontzekoak bigantxenak; adinaren arabera eta txahalarekin edo txahalik barik banatuta egongo dira. 10:00etan hasiko dute lehiaketa eta 14:00etan sari banaketa egin nahi dutela aurreratu dute. Iparraldetik etorriko diren Jean Matit Thicoipe eta Francois Diharce baserritarrek egingo dute epaile lana.
Ekintzak. Azoka girotzeko egongo diren antzerkia eta kalejira dira aurtengo berritasunetako batzuk. Horrez gain, 11:00etatik aurrera, Idiazabal gazta eta baserriko ogiaren dastaketa eta lehiaketak egingo dira. Bozgorailuaren bidez epaimahaiaren azalpenak eta gomendioak entzuteko aukera egongo dela jakitera eman dute. Ordu horretan hasiko da bai eta ere Mikel Garaizabal adituaren eskutik egingo den dastaketa herrikoia. Zelaian jarriko duten karpan prestatutako txoko batean bertoko produktuak hobeto ezagutzeko aukera edukiko du nahi duen guztiak.
Aldi berean, Uhagon kulturgunean, ortu bertikalen eta Hamen Bertokoa ekimeneko ekoizleen produktuekin egindako pintxoen tailerrak egongo dira Leartibai Garapen Agentziaren eskutik.
13:00etan herri kirolak egongo dira Goiko Portalean, eta 14:30etik aurrera bertoko produktuekin osatutako bazkaria, Zelaian. Bazkalostea, Iratxe Ibarra eta Jone Uria bertsolariek alaituko dute. Azoka egunean bertan ere erosi ahalko dira bazkariko txartelak erosketentzako gordelekuan. Izan ere, aurten ere gordeleku zerbitzua eskainiko dute. Horrela, azokazaleek, egindako erosketak gorde ahalko dituzte azokaz lasaiago gozatu ahal izateko.
Behin bazkaria amaituta, goizeko lehiaketen sari banaketa egingo dute 16:30ean karpan. Eta ondoren, egunari amaiera borobila emateko, Sagar Lantegia kale animazioa egongo da Hutsun txalapartarekin. 20:00etan hasiko da, azkenik, azokari amaiera emango dion EinGo taldearen kalejira.
Eskualdeko gazteek 02:00etan edukiko dute etxera itzultzeko Gababus zerbitzua.