Euskadiko Txapelketa irabazi eta Espainiakorako sailkatu da Alaitz Aranbarri gimnastikalaria
Gimnastika erritmikoan taldekako denboraldia hasi berri da, eta gimnastikalari markina-xemeindarrak emaitza ezinhobeak lortu ditu lehen txapelketetan.
Alaitz Aranbarri gimnastikalari markina-xemeindarrak domekan Leioan jokatu zen Euskadiko Txapelketa irabazi du Ipuruako senior taldeagaz. Garaipen horregaz, azaroaren 29an eta 30ean jokatuko den Espainiako Txapelketarako sailkatu dira Aranbarri eta haren taldekideak.
Zehaztu dutenez, Aranbarrik eta beste taldekideek bigarren amaitu zuten lehenengo saioa; Donostiako taldea geratu zen haien aurretik. Bigarren saioan, baina, Ipurua taldeak “ia-ia ariketa bikaina” egin zuela adierazi dute. “19.150 puntu eskuratu zituzten. Puntuazio hori gutxitan ikusten da gimnastika erritmikoko txapelketetan. Horrek adierazten du ariketa zaila eta exekuzio bikaina egin zutela”.
Ipurua taldeko juniorretan parte hartu zuen baita ere Enara Bilbao ondarrutarrak, eta hirugarren geratu ziren. “Lur Aranburu ondarrutarrak ere talde horretan parte hartzen du, baina ebakuntza bat tarteko, oraingoan ezin izan du parte hartu”.
Euskadiko Txapelketa jokatu aurretik, aurreko astean Donostia eta Gasteizko Txapelketak jokatu ziren, eta Alaitz Aranbarri gimnastikalari markina-xemeindarrak horietan ere Ipurua taldeagaz parte hartu zuen. Gorenen mailako federatuen artean, Aranbarrik eta haren taldekideek osatzen duten senior taldeak garaipenak lortu zituen bi txapelketetan.
Ipuruakoek taldekako denboraldia “bikain” hasi dutela esan dute. “Hau hasiera izan da. Oraindik txapelketa asko falta dira”. Urriaren 19an San Andres Txapelketa jokatuko dute Eibarren, urriaren 20an Iruñean ariko dira eta hilaren 27an Bermeoko Xixili Txapelketa jokatuko dute. Azaroaren ere beste hain bat txapelketatan parte hartuko dute markina-xemeindarrak eta ondarrutarrak: Utebo (Zaragoza, azaroak 2), Espainiako Kopa Iruñean (azaroak 8 eta 9) eta Euskalgym Txapelketa BECen (azaroak 16 eta 17).