Ondarroako IV. Redstone Soluk musika zikloa Iruñeara eta Bilbora ere zabalduko da
2015ean Ondarroan jaio zen ekimenak sare bilakatzeko lehen urratsa eman du aurten. Ekintzak urria eta abendua bitartean egingo dira. Saioak hilabeteka aurkeztuko dituzte.
Gaur [urriak 8] hasita, abendu bukaerara arte luzatuko da da 2015ean Ondarroan jaio zen Redstone Soluk musika zikloa. Aurten, baina, zikloa sare bilakatzeko lehenengo urratsa eman dutela esan dute antolatzaileek, eta emanaldiak Ondarroako Portuko Ranpan izateaz gain, Bilboko Bira eta Iruñeko Katakrak liburu dendetan ere egingo dira. «Aurten zikloa hazita dator», esan dute.
Orain arte legez, formatu txikiko emanaldiak jasoko ditu musika zikloak. Aiert Goenaga Ondaroako Portuko Ranpako kidearen esanetan, ilusioz ekingo diote zikloari. «Aurrekoak ilusioz hasi bagenituen, zer esanik ez laugarrenari buruz. 2015eko udan guzti hau hasi zenean ez genuen inolaz ere imajinatuko laugarrena sare formatuan izango zenik». Musika zikloaren helburuak hasierako berdinak izaten jarraitzen dutela gaineratu du. «Herriko kultur eskaintza osatu eta herritarrak euskal musikara gerturatu eta euskal kulturaren transmisioa lantzeko bitarteko eraginkor bat izatea da asmoa. Aurten, baina, Ondarroatik kanpo ere bai».
Miren Narbaiza (MICE): “Publikoarekin modu intimoagoan konektatzeko aukera ematen digu. Formatu txikia oso aberasgarria da hartzailearentzat”
Lutxo Egia Bilboko Bira dendako arduradunaren esanetan, euskara, kultura eta saretze lanak dira Bira proiektuaren esentzia. «Redstone Soluk zikloak hori guztia biltzen du, eta ondorioz ez genuen bi aldiz pentsatu. Sarea osatzeko lehen urratsa emanda dago, denborak esango digu noraino iritsiko den».
Hedoi Etxarte Iruñeko Katakrak dendako arduradunak proiektuak ondo funtzionatuko duela uste du: «Proiektua Ondarroa moduko herri ez hain handi bateko eskaintza kulturala aberasteko jaio zen, eta guk modu natural batean txertatuko dugu hiruburuko alde zaharrean. Iruñeak ere badu herri izaeratik asko».
Ines Osinaga: “Gure kulturaren transmisioa lantzeaz gero eta gutxiago arduratzen gara. Honelako ekimenak oasi antzeko bat dira sortzaileontzat”
Miren Narbaiza musikariak Redstone Soluk bezalako ekimenak euskal sortzaileentzako «ezinbestekoak» direla gaineratu du. «Publikoarekin modu intimoagoan konektatzeko aukera ematen digu. Formatu txikia oso aberasgarria da hartzailearentzat».
Ines Osinaga musikariak ekimenak transmisioaren alde egiten duena azpimarratu du. «Gure kulturaren transmisioa lantzeaz gero eta gutxiago arduratzen gara. Honelako ekimenak oasi antzeko bat dira sortzaileontzat».
Zikloan parte hartuko dutenen kartela osatuta badaukate ere, ekintzak hilabeteka joango direla esaten esan dute. «Pozik gaude lortu dugun kartelagaz», esan du Goenagak.
- URRIAK 8: Iruñea (Katakrak liburu denda). Lauroba eta Petti, 19:00etan.
- URRIAK 10: Bilbo (Bira liburu denda). Mikel Uraken, 20:30ean.
- URRIAK 11: Ondarroa (Portuko Ranpi). Montauk, 20:30ean.