Herri Eskolak egingo dituzte Lekeition, hispanitatearen eguna "arrotza" dela agertzeko
Zapatuan da hispanitatearen eguna (urriak 12). Horren harira, Lekeitioko Ikasle Abertzaleek egun osoko egitaraua prestatu dute.
IAko kideek zehaztu dutenez, Herri Eskolak Gaztetxean egingo dira. “Ekintzaren helburu nagusia da ikasleon artean harremanak egin eta jakintza teoriko eta politikoak eskuratzea”. Eguerdian hasita, ekintzak gauera arte luzatuko dira. Egunean bertan Lekeitioko Gazte Asanbladako kideen laguntza edukiko badute ere, ekintzak Iturriotz institutuko eta Azkue ikastolako ikasleek elkarlanean antolatu dituztela esan dute.
“Eguerdian dominazio kapitalista hezkuntza esparruan nola gauzatzen den ikusiko dugu, eta jorratuko dugu baita ere gure ikastetxeetako egunerokotasunean ikasle langileok nola jasaten dugun dominazio hori”. Ostean, Gazte Asanbladako kideek prestatuko duten bazkaria jango dute.
Bazkalosteko jolasetan parte hartu eta gero, arratsaldean autodefentsa sareaz hausnartu eta ikastetxeetan nola saretu aztertuko dute.
Parte hartu nahi dutenek IAko kideei esan edota @lekitxokoia Instagram kontura idatzi behar dute; bazkaria ordaintzeko 3 euro ordaindu beharko direla esan dute.
Zapaturako prestaketak joan den astean hasi zirela esan dute. “Joan den asteko zapatuan GAztetxea atontzeko auzolana egin genuen. Astean ere propaganda egiteko hainbat hitzordu jarri ditugu”. Hori guztia ikasturteari “hasiera indartsu bat” emateko egin dutela diote. “Ikastetxez ikastetxe Euskal Eskola Nazionala ipar ofentsiba kapitalistaren aurrean autodefentsa antolatzen hasteko”.
EGITARAUA:
- 12:00: Harrera eta ezagutza jolasak
- 12:30: Dominazio kapitalista hezkuntzan hitzaldia.
- 14:30: Bazkaria
- Ondoren. Jolasak eta Bingo musikatua.
- 17:30: Autodefentsa sareaz hausnartzen: “Bat ikutzen badozue, danok erantzungo dou”.
- 22:00-00:00: DJ Lapur.