Italiako musika tradizionalarekin gozatzeko aukera egongo da Mutrikun
Bobbio Fabrizio Bif & Celeste Rua bikoteak kontzertuak eskainiko ditu eguenean [urriak 10] eta zapatuan [urriak 12] Mutrikun.
Egin taldeko musikariak badira ere, Mutrikura Bobbio Fabrizio Bif & Celeste Rua bikotea bezala etorriko dira. Bi kontzertu eskainiko dituzte: eguenean [urriak 10], 20:00etan, Moila Zaharrean, eta zapatuan [urriak 12], 23:00etan, Zubixan. Besteak beste, Italiako musika tradizionala eskainiko dute bi musikari italiarrek, baina euskal musika ere nolabait taularatuko dute.
Azaldu dutenez, Fabrizio musikaria duela 25 bat urte Euskal Herrira etorri eta lagunak egin zituen. Ordutik, bost urtetik behin edo, etorri egiten da eta kontzerturen bat eskaintzen du. Oraingoan, gainera, akordeoia jotzen duen beste kide batekin etorriko da. “Akordeoi jotzailea ere Euskal Herrian egondakoa eta euskal gatazkaz maitemindutakoa da”.
Italiako erresistentzia kantuak eskaintzeaz gain, euskal musikariekin edutako harremanari esker musika italiarraren eta euskal musikaren nahasketa ere eskainiko dute.
Ez da lehendabiziko aldia bi musikariak Mutrikun aritzen direna. “Hirugarrenez edo ariko dira Mutrikun. Horrez gain, Markina-Xemeingo Karmen jaietan, Arrasateko jaietan eta Gipuzkoako beste herri batzuetan ere kontzertuak eskainitakoak dira”.