Zaintzak eta adimenak berrikuntza prozesuan duten garrantzia azpimarratu dute Azaro Fundazioaren jardunaldian
Bost adituk parte hartu zuten jardunaldian, eta berrikuntzaren prozesuan jasotako ezagutzak eta esperientziak azaldu zituzten.
Azaro Fundazioak eta Innobasque agentziak antolatuta, Zaintza eta Adimenean Oinarritutako Berrikuntza jardunaldia egin dute bigarrenez Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunean. Jardunaldiaren muina zaintza eta adimenean oinarritutako berrikuntzak enpresen egunerokotasunean izan dezakeen erabileraren adibideak eskaintzea izan da, kasu praktikoetan oinarrituta.
Bost adituk parte hartu zuten jardunaldian, eta berrikuntzaren prozesuan jasotako ezagutzak eta esperientziak azaldu zituzten, kasu adierazgarri eta hurbilak aurkeztuz.
Innobasque agentziak gidatutako talde dinamikagaz hasi zen jardunaldia. Hiru taldetan banatuta, parte-hartzaileek zaintza, adimena eta prospektiba kontzeptuak landu zituzten eta eta horietako bakoitzak erakunde baten duen eraginari buruz hausnarketa egin zuten. Ondoren, Tomas Elorriaga Banproko bazkide zuzendariak berrikuntzan arrakasta izateko gakoak azaldu zituen Berrikuntzaren 12 sistematikak hitzaldiaren bidez. Berrikuntza planifikatu ahal dela eta mugarik ez duela aitatu zuen, bai eta berrikuntza sortzeko orduan etengabeko hobekuntza funtsezkoa dela ere. “Erakunde batek bere bezeroak sakonki ezagutu behar ditu, berrikuntzak testuinguru sozial, kultural eta emozioetan oinarritutakoa eskatzen baitu”, azaldu zuen.
Iñigo Peñagarikanok Copreciko Garapen Ingeniariak, berriz, patenteen zaintzan oinarritutako berrikuntzari buruz hitz egin zuen. InTool tresna erabilita patenteen zaintza-prozesua zelan egiten duten eta horri esker lortu dituzten hobekuntzak erakutsi zituen. Prozesua bizkortzea lortu dutela eta lankideekin patenteak partekatzea errazagoa eta erosoagoa egiten zaiela azaldu zuen.
Zaintza eta adimena UNE 166.002ren baitan gaia aukeratu zuen Josu Goikoetxea Leartikerreko Berrikuntza Estrategikoaren Arduradunak jardunaldirako, eta zentro teknologiko baten berrikuntzaren kudeaketan zaintzak eta adimenak duen garrantziaz aritu zen. Eta, azkenik, Iñaki Liebana Azaro Fundazioko Berrikuntza Teknikariak berrikuntza erakundean txertatzeko Innovate and Transform metodoa eta InTool tresnaren bertsio berria aurkeztu zituen. “Innovate and Transform metodoak erakunde baten berrikuntza proiektuak sortu eta garatzeko dinamika ezartzea ahalbidetzen du, hiru fasetan: zaintza, adimena eta azelerazioa. InTool tresnak zure erakundeko barne-eta kanpo-informazioa automatizatzea eta kudeatzea ahalbidetzen du, ezagutza sortzeko”.
Guztira, 25 lagunek parte hartu zuten jardunaldian, eta lortutako emaitzak ikusita, datorren urtean errepikatzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek.