Erabiltzaileek diote Karraspio dela Bizkaiko hirugarren hondartzarik garbiena
Mendexako hondartzak "bikain" nota jaso du garbitasun alorrean. Zerbitzu eta ekipamenduen alorrean, ostera, Lekeitioko Isuntza hiru onenen artean kokatu dute.
Urtero bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko hondartzen balorazioa jasotzeko inkesta bat egin du Bizkaiko hondartzetara joaten diren pertsonen artean. Aurten, erabiltzaileek 10etik 7,8 puntuko nota eman dute; kalifikazio hori, besteak beste, Plentziakoak (9,23), Gorlizkoak (9,11) eta Bermeoko Aritzatxukoak (8,79) gainditu dute.
Aurreko urtean moduran, inkestatuek ondoen baloratu duten alderdia segurtasuna izan da; alor horrek 8,82 puntu jaso ditu. Sorosleek, baina, nota hori gainditu egiten dute: 9,78 nota jarri diete. Bainuaren segurtasunak lortu duen nota 9,38 izan da, eta hondartzainek 8,59. Erabiltzaileen ustez seguruenak diren hondartzak Gorlizkoa (9,26), Plentziakoa (9,25) eta Eakoa (9,05) dira.
Garbitasuna da bigarren baloraziorik altuena lortu duen alorra, 7,88 puntu. Horren barruan, eta nota horren gainetik, freskagarrien laten eta hondakin artifizialen garbiketa dago (9,03), eta paperontziak eskuragarri edukitzea (8,19). Gehiengoaren ustez, garbienak Bakio, Ogella eta Karraspio dira, hurrenez hurren.
Zerbitzuek eta ekipamenduek 7,31 puntuko nota jaso dute. Alor horretan, erabiltzaileek gehien baloratzen dituzten gaiak hondartzara sartzeko erraztasuna (8,07) eta bozgorailuen erabilgarritasuna (7,65) dira. Inkestako datuen arabera, erabiltzaileek uste dute zerbitzu eta ekipamendu onenak dituzten hondartzak Aritzatxu (Bermeo), Isuntza (Lekeitio) eta Gorlizkoak dira.
Eskumuturrekoak eta uraren kalitatea. Egindako inkestaren arabera, hondartzak erabiltzen dituzten pertsonen % 72,4k haurrak identifikatzeko eskumuturrekoen zerbitzua ezagutzen du, eta zerbitzu horri 8,96ko nota eman diote.
Erabiltzaileen ia erdiek ere badakite hondartzek kalitate eta ingurumen ziurtagiriak dituztela, eta hori oso garrantzitsua dela diote inkesta erantzun dutenen %49,7k.
Bederatzitik zortzik bainularien eta surflarien arteko bereizketa sistema “eraginkorra” dela uste dute, eta inkestatutako pertsonen proportzio berak uste du uraren kalitatea bainurako egokia ez dela ohartarazteko bandera berria “argi eta garbi” interpretatzen dela.
Erabiltzaileen ohiturak. Hondartzetara joaten direnak 18 eta 45 urte bitarteko herritarrak direla ondorioztatu dute; egunero edo astean 2 eta 3 egunetan joaten dira hondartzara (% 53,1), eta normalean bainatu egiten dira (% 85,4). Hamar erabiltzailetik lauk hondartza bat hurbiltasunagatik aukeratzen dute, eta egonaldiaren batez bestekoa 4,25 ordukoa da.
2,8 milioi pertsona. Aurtengo denboraldian (ekainaren 1etik irailaren 30era) 2.896.140 pertsona bildu dira Bizkaiko hondartzetara, hau da, 2018an baino % 18,55 gutxiago. Bizkaiko hareatza guztiek izan dute asistentzia beherakada hori, La Arena, Armintza, Toña, Kanala, Ea eta Ogella hondartzen kasuan izan ezik.
Jaitsieraren arrazoia eguraldia dela esan dute; egun eguzkitsuak eta tenperatura altukoak ez direla asteburuetan gertatu esan dute. Datuetara joaz, denboraldi honetan 45 egun eguzkitsu egon dira, 36 egun lainotsu, 11 euriagaz eta 30 eguraldi aldakorragaz.
Hondartzarik bisitatuenak honako hauek izan dira: La Arena (391.945 pertsona), Ereaga (340.926) eta Gorliz (204.962), eta hareatzetara jende gehien joan diren egunak hauek izan dira: abuztuaren 3a La Arenan (15.165 pertsona) eta Arriatera-Atxabiribilen (11.678); uztailaren 11 Ereagan (10.316), abuztuaren 17a Barinatxen (7.770) eta abuztuaren 23a Gorliz (10.008), Plentzia (8.384) eta Bakion (6.940).
Istripuen zenbaketan, guztira 6.205 arreta jarduketa egin direla eta gehienak zauriengatik (3.391) eta xabiroi zurien ziztadengatik (1.060) izan direla esan dute. Gainera, gehienak (6.073) hondartzan bertan konpondu direla azaldu dute. “Osasun zentroetara eraman behar izan direnak 132 pertsona izan dira bakarrik”.
Hondakinak. Aurten Bizkaiko hareatzetan 544.785 kilo hondakin bildu dira, eta horietatik gehienak (370.018 kilo) erabiltzaileek hondartzetan ipinitako paperontzi eta edukiontzietan batu dira. “Gainontzeko hondakinak mareak ekarritakoak izan dira”.