Herriko batzordeak martxan jarri orduko udal gobernua aurrekontuak eratzen hasi dela salatu du Lekeitioko EH Bilduk
Korporazio berria ekainean osatu zela gogora ekarri dute, baina, ordutik hilabeteak igaro diren arren, udal gobernu berriak, joan den astera arte, "ez dietela herritarrei batzordeetan parte hartzeko gonbidapenik zabaldu" azaldu dute.
Lekeitioko udal gobernua aurrekontu proiektua osatzeko garaian, batzordeen parte hartzea alboratzen ari dela salatu du Lekeitioko EH Bilduk. Herriko batzordeak martxan jarri orduko udal gobernua aurrekontuak eratzen hasi dela diote.
Korporazio berria ekainean osatu zela gogora ekarri dute, baina, ordutik hilabeteak igaro diren arren, udal gobernu berriak, joan den astera arte, “ez dietela herritarrei batzordeetan parte hartzeko gonbidapenik zabaldu” azaldu dute. “Batzordeetan parte hartzeko gonbidapena, Aurrekontuak 2020, Lekeitio zeure erara izeneko papertxo baten hartu dugu buzoian, bigarren plano baten, inportantzia handiegirik eman barik”. Batzordeak herrira zabaltzeko “presarik ez dutela hartu” esan dute, baina, ordea, 2020ko aurrekontu proposamenagaz hasi direla. “Hainbat udal batzorde martxan hasi barik daude, baina hara!, datorren urteko aurrekontu proposamenagaz dator Lekeitioko EAJ”.
Lekeitioko EH Bilduren ustez, zentzuzko kudeaketa batek, batzorde bakoitzean egin nahi diren ekintzak eta euren gastua zein dan lantzea eskatzen du. “Hori eta gero dator, udalak erabili ahalko duen diruaren arabera, ekintzari lehentasuna ematea; gainera, balioa ematen zaio batzordeko lanketari”.
Lekeitioko EAJk, aldiz, lanketa hori egin ordez, zuzenean aurrekontuak aurkeztu nahi dituela nabarmendu dute. “Modu horretan, parte hartzea udal batzordeetan ez da lantzen, ez dugu ikusten guk geuk behintzat. Are gehiago, gai horren inguruan herrian lanean dabiltzan talde eta adituen iritzia isilarazten dute”. Herriaren beharrizanari erantzuteko edo interes propioari erantzuteko dauden galdetu diote udal gobernuari.