Izarbidean elkartea lagunduko du La Caixa Fundazioak
Aisialdi eta gizarteratzearen bidez aniztasun funtzional sentsoriala dutenen bizi kalitatea hobetzea helburu duen Markina-Xemeingo elkartearentzat laguntza garrantzitsua dela esan dute, proiektua bermatu eta aurrera eraman ahal izateko.
La Caixaren laguntza izango du, aurten ere, Markina-Xemeingo Izarbidean elkarteak. Atzo [urriak 9] sinatu zuten hitzarmena Luis Egurrola Izarbidean elkarteko lehendakariak eta Caixabank erakundeko arduradunek: Ana Garibi Saenz de Buruaga Euskal Herriko eta Kantabriako Gizarte Ekintza Arduradunak, Joseba Argoitia Bizkaiko ekialdeko zonaldeko zuzendariak eta Asier Ibarzabal Markina-Xemeingo Caixabankeko ordezkariak. Eurekin batera egon ziren Izarbidean elkarteko kideak ere.
Bi hitzarmen sinatu zituzten. Izan ere, alde batetik, La Caixako gizarte-ekintzak tokian tokiko proiektuak laguntzeko ematen duen diru partida bat jasoko dute Markina-Xemeingo Caixabank bulegoaren bidez, eta bestetik, La Caixa Fundazioaren laguntza ekonomikoa ere izango dute. Jakitera eman zutenez, Izarbidean izan da Fundazioak laguntza emateko aukeratu duen Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako elkarte bakarra.
Laguntzak ematerako orduan, inpaktu eraldatzaile handia duten programetan arreta berezia jartzen dutela azaldu zuen Ana Garibik: haurren pobrezia eta gizarte-bazterkeria borrokatzen duten programetan, enplegua sustatzen dutenetan eta ahulenen bizi-baldintzak hobetzen laguntzen dutenetan adibidez. Eta Izarbideanek, bere lanarekin, gizartearen premia handi bati erantzuten eta arreta eskaintzen diola azpimarratu zuen. “Aniztasun funtzional sentsoriala dutenen eta horien familien bizi kalitatea hobetzea dute helburu aisialdi eta ekintza ezberdinen bitartez, eta era berean, gizarteratzea sustatzen dute. Lan garrantzitsua egiten dute eta laguntzak zertara bideratzen dituzten zehatz dakigu”.
Ezinbestekoa. Laguntza horrek esku artean dituzten hainbat proiektu aurrera eramateko aukera emango dio aisialdi eta gizarteratzearen bidez aniztasun funtzional sentsoriala dutenen bizi kalitatea hobetzea helburu duen Markina-Xemeingo elkarteari. “Izarbideanentzako laguntza garrantzitsuenetako bat da eta bi urtero saiatzen gara lortzen. Laguntza horrek suposatzen digu gure aktibitateen bidez –aisialdia, integrazioa edota terapiak–erabiltzaileen garapena eta bizipoza bultzatu ahal izatea”, nabarmendu zuen Izarbidean elkarteko lehendakariak.
Ekarpen berriak proiektua bermatu eta aurrera joan ahal izaten lagunduko diela gaineratu zuen. “Dirurik barik ezin da gauza askorik egin”. Ekinoterapia, irteerak, soinketa, igeriketa, arte eskola, tailerrak, musikoterapia dira besteak beste gauzatzen dituzten ekimenetako batzuk. Gaur egun hogei erabiltzaile ditu Izarbideanek, eta berri bat ere sartu dela jakitera eman dute.