Markina-Xemeinera ailegatu da Interjai zesta-punta txapelketa
Hirugarren jardunaldia jokatuko dute barikuan [urriak 11] 19.00etatik aurrera, Uni pilotalekuan. Sailkapenaren lehenengo postua egongo da jokoan.
Xisterako Interjai Txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatuko dute barikuan [urriak 11] 19.00etatik aurrera, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan. Lehenengo partidan, sailkapeneko lehen postua egongo da jokoan, orain arteko bi partidak irabazitako bi bikote aurkituko dira-eta aurrez aurre. Beste bi partidetako bikoteentzat ere garrantzitsua izango da garaipena, finalean egoteko aukerak bizirik mantentzeko.
Joku bikaina izaten ari da Interjaiko protagonista nagusia, dagoen maila handia agerian utziz, eta Markina-Xemeinen ere lehia espero dute.
Antxon eta Aitor Elkorobarrutia eta Etcheberry eta Ibarluzea neurtuko dira lehen partiduan. Aitor Elkorobarrutiak lesioa gainditu duela jakitera eman dute Xisterakoek, eta beraz, Interjai txapelketari ekingo dio aste honetan. Aurreko bietan Urangak hartu du bere lekua.
Orain arteko bi neurketak irabazi dituztenak lehenengo partiduan egongo badira, bigarrenean orain arte biak galdu dituzten bi bikoteak daude, eta gutxienez finalerdietan sartu nahi baldin badute, irabaztera behartuta daude biak. Alde batetik, Zuloagak eta Urielek jokatuko dute, eta bestetik, Gaizkak eta Mikel Elkorobarrutiak.
Azkenik, Aaron eta Zugaitz eta Laloo eta Manzi neurtuko dira. Bikote biek partida bat irabazi eta bestea galdu dute momentuz, eta bientzat oso garrantzitsua izango da garaipena, oraindik zuzenean finalean sartzeko itxaropenari eusteko.