Berriatuko Guraso Elkarteak errepide segurua eskatzeko sinadura bilketa hasi du
Asteon, Berriatuko bi ikaslek eta haien senitarteko batek istripu larria eduki zuten eskolatik ateratzerakoan. Gertaera horren harira, "segurtasun falta" sumatzen dutela esan eta aldundiari herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatzeko hasi dira sinadurak batzen.
Istripua asteon gertatu bada ere, herrigunetik pasatzen den errepideak (BI-633) eragiten dien segurtasun falta aspalditik sumatzen dutela diote. “Asteon gertatutako istripuak beste behin ere segurtasun falta ikustarazi du”. Horren aurrean, sinadurak batzen hasi dira, Bizkaiko Foru Aldundiari herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko “eskaera irmoa” egiteko.
Azaldu dutenez, aste honetako istripua eskolatik ateratzerakoan gertatu zen, bidegurutzean. Berriatuko Herri Ikastetxeko bi ikasleak eta haien senitarteko batek kamioi batekin eduki zuten istripua “larria” izan dela zehaztu dute. “Zorionez, oraingo honetan denak onik atera ziren, baina gertakari horrek gure errepidean zein espaloietan izandako beste zenbait istripu gogorarazi dizkigu”.
Herrigunetik pasatzen den errepide horretatik egunean 7.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen direla diote. “Gehienak abiadura muga gainditzen dute”. Horri, haurrak eta gainontzeko herritarrak errepide nagusi horren ondoko espaloitik zein alde batetik bestera bidea gurutzatzen ibiltzen direla gaineratu behar zaio. “Hori jakinda, guztiz larritzat jotzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik neurririk hartu ez izana”.
Non sinatu. Herriko ondoko lekuetan sinatu ahal da eskaera: udaletxean, Zentrala tabernan, frontoian, Urepel kafetegian, Haurreskolan eta Denetariken. Horrez gain, martitzenean [urriak 15], 16:00etan, eskolan bertan sinatzeko aukera egongo dela esan dute.