Euskal Herriko norgehiagoka hasiko dute bolariek
Lasturko bolatokian izango dute bolariek lehen hitzordua, eta urriaren 26an hartuko du bigarren jardunaldia Ziortza-Bolibarko Iruzubietako bolatokiak.
Itziarko Lastur auzoko bolatokian hasiko da zapatuan [urriak 19] Euskal Herriko 30. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa. Guztira lau bolatokitatik igaroko da aurten ere norgehiagoka.
Saio guztietako botaldiak 17:00etan hasiko dira, eta ohi duten modura, nahi duen guztiak parte hartu ahalko du. Izena, beti bezala, saioaren egunean bertan eman behar da, azken tiralariak tiraldi guztiak bota orduko. Hiru tiraldi egiteko aukera edukiko dute bolariek.
Esan bezala, Lasturko bolatokian izango dute bolariek lehen hitzordua, eta urriaren 26an hartuko du bigarren jardunaldia Ziortza-Bolibarko Iruzubietako bolatokiak; hirugarren bolatokia Elgoibarko San Pedrokoa izango da, azaroaren 9an, eta azkenengo saioa Markina-Xemeingo Ugahon kulturgunearen ostean dagoen bolatokian egingo dute aurten, azaroaren 16an.
Sariak egongo dira ekitaldi bakoitzean: lehenengoak 65 euroko saria jasoko du, bigarrenak 50 eurokoa, hirugarrenak 35 eurokoa, laugarrenak 20 eurokoa, bosgarrenak 10 euro jasoko ditu, eta seigarren sailkatuak oparia.
Jakitera eman dutenez bola ofiziala 7 zenbakiduna izango da eta ordezkoa 4 zenbakia. Bestalde, ordezko bolatokia ere izendatu dute. Horrela izendatutako bateren batean ezingo balitz Markina-Xemeingo Barinaga auzora eramango lukete botaldia.