Liburuak izango ditu ardatz Markina-Xemeingo bigarren zinema eta literatur zikloak
Iaz, Emakumea eta gerra gaiarekin hasitako bide beretik, bi pelikula proiektatuko dituzte astelehenenan [urriak 21] eta eguaztenean [urriak 23] kultur aretoan.

Zinema eta literatura lotzen dituen dinamikari jarraipena emango diote datorren astean Markina-Xemeingo Herri Bibliotekak eta Uhagon kulturguneak. Iaz, Emakumea eta gerra gaiarekin hasitako bide beretik, bi pelikula proiektatuko dituzte astelehenenan [urriak 21] eta eguaztenean [urriak 23] kultur aretoan.
Biblioteka edo liburutegi batek herri batean zelako eragina duen hausnartuko dute oraingoan, Isabel Coixet zuzendariaren La Libreria eta David Hugh Jones zuzendariaren 84 Charing Cross Road filmeen bidez. Emanaldi biak 18:30ean izango dira eta zineforumagaz borobilduko dute.
Coixeten La Libreria (2017) filmak 1959 urtean liburu denda bat zabaltzeko asmoagaz Ingalaterrako Hardborough kostaldeko herrira ailegatzen den Florence Green alargunaren istorioa kontatzen du. Liburu denda horren jarduerak egonezina eragingo du herri horretako pentsakera itxiko bizilagunen artean. Filmak hiru Goya Sari irabazi zituen, tartean film onenarena.
Jonesen 84 Charing Cross Road (1987) filmak, aldiz, New Yorkeko idazle baten eta Londoneko liburu saltzaile baten arteko gutun bidezko harremana kontatzen du. Hogei urtez gutun bidezko harremana edukiko dute, baina ez dute sekula aurrez aurre elkar ezagutuko. Hala ere, literaturari eta irakurzaletasunari dioten maitasuna partekatuko dute. British Academy of Film and Television Arts (BAFTA) saria eman zioten Anne Bancroft filmeko protagonistari.
Gabonak arte. Antolatzaileek azaldu dutenez, Gabonak arte jarraituko dute emanaldiekin. Sei film emango dituzte guztira, hiru saiotan banatuta. “Lehenengoa datorren astekoa izango da, eta beste bi gehiago egongo dira, bata azaroan eta bestea abenduan”. Bi egunetako ziklo bakoitzak gai bat izango du, eta gainera, egileak emakumezko bat eta gizonezko bat izatea nahi izan dute, gai beraren aurrean daukaten ikuspegia aztertu ahal izateko.
Azaroko gaia Familia izango dela aurreratu dute. Gai hori oinarri hartuta, bi film aukeratu dituzte: Hirokazu Koreeda japoniar zinema zuzendariak zuzendu eta idatzitako Familia eskuluzea (Manbiki Kazoku) film dramatikoa eta Fernando Leon de Aranoaren Familia. Abenduan, ostera, Hezkuntza izango da zikloaren muina, eta emango dituzten filmak Entre les murs Laurent Cantet frantziarrak zuzendutako filma eta Marie-Castille Mention-Schaar zinemagile frantsesaren Les Heritiers.