Ondarroako EAJk dio "kezkatuta" daudela EH Bilduren udal gobernuak duen "planifikazio eta proiektu gabeziarengatik"
Jeltzaleek hiru eskaera egin nahi izan dizkiote udal gobernuari: batzorde guztiak martxan jartzea eta horietako bakoitzean batzartzeko maiztasuna zehaztea, udal aurrekontuak "hobeto egitea" eta abenduan onartzea, eta herriko taldeei diru laguntzak emateko deialdiak beranduenez urte bakoitzeko otsailean argitaratzea.
Udal Gobernua martxan jarri zenetik lau hilabete pasa eta gero, agintaldi honetan Gobernuak arlo bakoitzean egin nahi dituen ekintzak ez dituztela ezagutzen salatu du talde jeltzaleak. “Bakarrik Gobernuaren egitura zein den dakigu. EH Bilduren gobernuak agintaldirako duen antolaketa eta proiektu gabeziak kezkatu egiten gaitu”. Jeltzaleek gaineratu dute “oposizio arduratsua” egiteko konpromisoa daukatela, eta ildo horretatik proposamenak egingo dituztela, “ez kritika hutsak”.
Zehatz esateko hiru eskaera egin nahi izan dizkiote udal gobernuari: batzorde guztiak martxan jartzea eta horietako bakoitzean batzartzeko maiztasuna zehaztea, udal aurrekontuak hobeto egitea eta abenduan onartzea, eta herriko taldeei diru laguntzak emateko deialdiak beranduenez urte bakoitzeko otsailean argitaratzea, likidazioa eta ordainketa ekainean egin ahal izateko.
Batzordeei dagokienez, batzorde asko oraindik martxan jarri ez izana “harrigarria” dela diote. Martxan ipini direnen kasuan, ostera, batzarrak aurreko agintaldian burutu barik geratu ziren gaiak lantzeko egin direla esan dute, “ez beste ezertarako. Hori ere harrigarria da”. Maria Dolores Etxano Varela buru duen taldeak martxan jarri ez diren batzorde batzuk zerrendatu ditu: “Ingurumena, Gizarte Ekintza, Euskara, Hirigintza, Lanak eta Zerbitzuak, Aniztasuna edota Turismo eta Merkataritza, besteak beste”.
Batzartu diren batzordeak zertarako batu diren azaltzeko, Ogasun Batzordearen adibidea jarri dute jeltzaleek. Hori 2019ko aurrekontuen proiektua aurkezteko bitan batzartu dela esan dute, uztailean eta Osoko Bilkuran adostu aurretik. “Aurrekontua 2018ko abenduan onartuta egon behar zen”. Langileria Batzordea lanpostuen balorazio eta antolakuntza berria lantzeko batzartu dela diote. “Bi puntuak 2018an onartu ziren, baina aurrekontua onartuta egon behar zen tramitatu ahal izateko”. Kultura batzordearekin ere “berdin” gertatzen dela esan dute. “Jaiei azken ikutuak emateaz gain, kultur eta kirol taldeen 2018ko diru laguntzen irizpideak emateko batzartu da. Horiek iaz ebatzita eta ordainduta egon behar zuten, baina taldeek oraindik ez dituzte jaso”.
Udal aurrekontuari dagokionez, abenduan onartuz gero hurrengo urterako kontuak gauzatu nahi den guztia “behar den moduan antolatzeko” eta hori osatu ahal izateko urte osoa edukiko luketela diote. Aurten, esaterako, aurrekontua uztailean onartu dela eta ondorioz inbertsio planen funtsa irailaren 30era arte ezin izan dutela erabili esan dute. “Proiektuak gauzatzeko hiru hilabete baino ez direnez geratzen, sail asko ezingo dira erabili“.
Aurreko agintaldian egin legez, udaleko bi alderdien arteko bilerak berreskuratzea ere proposatu dute
Agintaldi guztirako Osoko Bilkuren eta batzordeen datak zehazteko egutegia osatzea proposatzen dute. “Modu horretan, gaiak hobeto antolatu eta behar den beste informazioagaz landu ahalko dira”. Proposatzen duten egutegi horrek, gainera, gai orokorrak ere jasoko lituzkela diote. “Adibide modura, begibistakoa da urrian Ogasun Batzordea batzartu beharko dela hilabete honetan onartzen direlako udal zergak. Modu berean, aurrekontua abenduan onartu nahi bada, hilabete honetan lan teknikoa hasi beharko da, ogasun arloko eta beste arlo batzuetako batzarrak ere eginez eta herritarrekin batuz”.
Herriko taldeen diru laguntzei dagokienez, taldeek 2018 eta 2019ko dirua aurreratu dutela kontuan hartu behar dela diote. “2018ko laguntzak ahalik eta lasterren ordaintzea falta da. Horrez gain, 2019ko deialdia ere tramitatu egin behar da. Horretarako, diru laguntzen proposamena batzorde guztietatik ahalik eta arinen pasatu eta urriaren amaierarako argitaratu behar da. Gero, udalak horiek urgentziaz tramitatzeko konpromisoa hartu behar du”.
Udalean dauden bi alderdien arteko bilerak berreskuratzea ere proposatu dute. “Aurreko agintaldiaren hasieran egin modura, bilera horiek elkarlan eta eztabaida gune izateaz gain, Ondarroaren etorkizunaz eta proiektuez hitz egiteko balioko lukete”.