Ondarroako Gazte Asanbladak Fran Aldarondo Badiolaren hilketaren 40. urteurrena gogoratuko du
Omenaldia Aldarondo hil zuten Ibarrako (Gipuzkoa) Maita Goikoa baserrian egingo dute. Ondarroako Gazte Asanbladako kideek egun osoko egitaraua prestatu dute, Tolosako Ezpala gaztetxeko kideekin elkarlanean.
Duela 40 urte Guardia Zibilek Fran Aldarondo Badiola Ondarru hil zuten Ibarrako (Gipuzkoa) Izaskun auzoko Maita Goikoa baserrian. Urteurrenaren harira, Ondarroako Gazte Asanbladak ondarrutarraren hilketa gogoratzeko eta hari omenaldia egiteko ekintza egingo du zapatuan [urriak 19]. Ekintza Ibarran egingo dute, eta ondarrutarrek hara joateko autobusa antolatu dute.
OGAko kideek esan dutenez, Aldarondori “dagokion omenaldia” egingo diote. Hala, Ondarroatik Ibarrara joateko autobusa ipini dute. Autobusa 09:15ean aterako da Astilleruko autobus geralekutik. “Tolosako Ezpala gaztetxeko kideekin elkarlanean, egun osoko egitaraua prestatu dugu”.
10:30ean Tolosaldeko Uzturre mendira irteera egingo dute. Gailurrean talde argazkia atera eta 12:30ean Maita Goikoa baserrian omenaldia egiteko ekitaldia egingo dute. Bazkalostean hitzaldia egongo da Ezpala gaztetxean.
Aldarondo ETAko kidea izan zen lehendabizi. Gerora, ostera, Komando Autonomo Antikapitalistetako kide izatera pasatu zen. “Memoria daukan herria garela diote. Beraz, 40 urte pasa eta gero orduan gertatutako ez dugu nahi ahaztu. Argi utzi nahi dugu Ondarru eta gainerako militante guztiak borrokara eraman zituen zapalkuntzak oraindik ere bere horretan jarraitzen duela”, esan dute.
1977ko “sasi-indultuagaz” Aldarondo azkena izan zen espetxetik ateratzen. “Baina oraindik ere hamaika preso, iheslari eta deportatu ditugu, eta etorriko direnak…”.