Fran Aldarondo ondarrutarra gogoratu dute Ibarran, haren hilketaren 40. urteurrenean
40 urte bete dira Fran Aldarondo Badiola 'Ondarru' Ibarrako (Gipuzkoa) Izaskun auzoko Maita Goikoa baserrian erail zutela.
30 urteko gazte ondarrutarrak guardia zibilek tirokatutako 15 tiro jaso zituen 1979ko urriaren 17an. Urteurren bereziaren harira, ondarrutarraren hilketa gogoratzeko hainbat ekintza egin zituzten zapatuan [urriak 19] Ibarran eta Tolosan, Ondarroako Gazte Asanbladak eta Tolosako Ezpala gaztetxeak elkarlanean antolatuta.
09:15ean aldera irten zuen autobusak OndarroatikĀ eta behin Tolosara ailegatuta, Ezpala Gaztetxeko kideekin batu ziren. Hasiera batean Uzturre tontorrera igotzeko asmoa bazuten ere, azkenean mendian zehar buelta bat eman, eta Belabieta aldetik jaitsita Aldarondo hil zuten Maita Goikoa baserriaren ingurura hurreratu ziren. Ekitaldian, denetara, Ondarroako eta Euskal Herriko beste hainbat tokitako 30 bat lagunek parte hartu zutela jakitera eman duten antolatzaileek. “Autoetan igo ziren beste talde bat ere bertan zegoen gure zain”.
Une hunkigarriez betetako ekitaldi xume bezain ederra eskaini zioten Aldarondori. Bertaratuek Ondarru “eusko gudariaren bizitza eta haren ibilbide politikoa” aipatzen zituen bi dokumentu irakurri zituzten. Ondoren OGAko kideek Aldarondoren senitartekoei oroigarri bat oparitu zieten, esker onez, eta jarraian, Zuek hil zineten kantua abestu zuen herritar batek. Ekitaldia amaitzeko agurra dantzatu eta krabelin gorri bat ipini zuten Aldarondoren omenezko oroitarrian.
Omenaldia amaitzen bertan batutakoak oinez jaitsi ziren menditik behera. Giro onean batuta, Tolosako Ezpala gaztetxean bazkaldu zuten. Bazkalostea ere gitarragaz lagundutako kanta ederrekin igaro zuten. 16:30ak aldera berriz, duela 40 urte gertatutako erailketaren nondik norakoak azaltzen dituen Zer pasa zan Maita Goikoan hitzaldia eskaini zuten.