15. Kameratoia euskal ikus-entzunezkoen rallya asteburuan ospatuko da Lekeition
Gaur [urriak 23] da lehiaketan parte hartzeko azken eguna. Gaia barikuan [urriak 25] emango dute, eta grabaketak zapatuan [urriak 26] egin beharko dira.
Euskal Zine Bileraren baitan kokatzen den 15. Kameratoia euska ikus-entzunezkoen rallya asteburuan ospatuko da Lekeition. Lehiaketa Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du. Lehiaketan izena emateko azken eguna gaur da [urriak 23]. Parte hartzaileek Internetez izena eman ahal dute. Gaia zein izango den barikuan [urriak 25] esango dute, eta grabaketak 26an egin beharko dira. Aurkezten diren lan guztiak domekan [urriak 27] proiektatuko dituzte Ikusgarri zinema aretoan.
Film labur onenak 1.000 euroko saria eskuratuko du, eta bigarren onenak 600 euro. Bi sari horiei ikusleen saria gehitu behar zaie. “Hala, publikoak sari banaketan ere parte hartuko du”.
Bide batez, azaroaren 23tik 30era bitartean ospatuko den 42. Euskal Zine Bileraren kartela ere aurkeztu dute antolatzaileek. Aurten, Zine Bilerak “proiektua indartzen” jarraituko duela esan dute. Besteak beste, jaialdiak ondokoak landuko ditu: film laburren lehiaketa (Kameratoia), arlo pedagogikoa, super8 filmak, zine sektorea… “Gainera, elkarlanak bultzatuko dira euskararen sustapena lantzen duten erakundeekin, jakina baita gure hizkuntza dela Euskal Zine Bileraren oinarri nagusietako bat”.