69 lagunek eman dute aldez aurretik izena Mutrikuko mendizale helduen ibilaldian
Domekan [urriak 27] egingo dute ibilaldia, eta egunean bertan izena emateko aukera egongo da, Goiko Plazan. 14 kilometro inguruko martxa egingo dute parte hartzaileek.
Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, dagoeneko 69 lagunek eman dute domekan [urriak 27] 33. Mendizale helduen ibilaldian parte hartzeko izena.
Urriaren 22ra arte egon da aldez aurretik izena emateko aukera, baina probaren egunean ere eman ahalko da. Ibilaldia baino ordu erdi lehenago Goiko Plazan mahai bat ahalbidetuko dute horretarako, eta mendizale federatu zein ez federatuek 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Ibilaldiaren ostean Arkugain elkarte gastronomikoan bazkalduko dute parte hartzaileek, eta dagoeneko 60 bat lagunek egin dute eskaera. 20 euro balio ditu bazkaltzeko txartelak.
Nondik norakoak. 14 kilometro inguruko martxa egingo dute parte hartzaileek Goiko Plazatik hasi eta portuan bukatu arte. Tartean, Ondabarro, Eguzkitza, Ardazkoneta, Olatz eta Erroita igaroko dituzte. Arno mendia izango dute punturik gorena, eta Mutrikura jaitsiko dira Apain, Kalbaixo eta San Juan zeharkatuz.
Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak elkarlanean antolatutako ibilaldia da.