Badator Lea-Artibaiko bigarren Euskerean Eupadea!
Ekimenaren zehaztasunak azaldu eta giroa berotzen joateko, aurkezpen saioak egiten ari dira Herribixikoak herriz herri. Urriaren 30era arte egongo da taldeak osatu eta izena emateko aukera zabalik.
Euskararen erabilera sustatzera dator bigarrenez, Euskerean Eupadea! ekimena. Lea-Artibai eskualde euskalduna bada ere, arnasgunea, eta egunerokotasunean gehien erabiltzen den hizkuntza euskara bada ere, euskara hauspotzen jarraitu beharra ikusten dute ekimenaren sortzaileek, Herribixi kooperatibako kideek, batez ere gaztetxoen artean. Horrela, 2017an arrakastaz ospatu zen ikuskizun itxurako lehiaketari jarraipena emango diote aurten, bigarrena antolatuz.
Adin tarte bitan banatuta egongo da lehiaketa 8-11 urte eta 12-16, eta lau, bost edo sei laguneko taldeak osatu behar dira. Argitu dutenez, taldea herri ezberdinetako jendeagaz osatu daiteke, “ez dira zertan denak izan behar herri berekoak”. Izan ere, ez da herrikako lehiaketa bat izango, taldekakoa baino. Parte hartu nahi dutenek urriaren 30era arte edukiko dute taldea osatu eta izena emateko aukera. Horretarako WhatsApp mezua bidali behar da 645 006 312 zenbakira.
Ekimenaren zehaztasunak azaldu eta giroa berotzen joateko, aurkezpen saioak egiten ari dira Herribixikoak herriz herri. Asteburu honetan Etxebarrian eta Markina-Xemeinen egongo dira lehiaketako proben erakustaldia egiteko. Gainera, Leaktibairen eskutik jolasean jarduteko aukera ere egongo da. Barikuan [urriak 25], 17:00etan egingo dute erakustaldia Etxebarriko Plazabarrin. Markina-Xemeinen, ostera, domekan [urriak 27] egingo dute aurkezpena, 12:30ean, Arkupe parean.
Lehiaketa. Azaroan kanporaketak egingo dira eskualdeko lau herritan, eta kanporaketa horietan proba ezberdinak gainditu beharko dituzte adin tarte bietako taldeek. “Lehenengo batzuek parte hartuko dute eta ondoren, besteek”. Azaldu dutenez, zozketa bidez erabakiko da talde bakoitzari egokitu zaion herria. Finala, berriz, Euskara Egunaren bueltan izango da, abenduaren 1ean, Ondarroan.
Orain dela bi urte 150 gaztetxok parte hartu zuten lehiaketan, eta oraingoan ere, horrenbeste behintzat animatzea espero dute. Lea-Artibairi buruzko galdera erantzunen atal bat, kultur diziplina ezberdinak lantzeko ariketak eta sormenari lotutako probak ere egingo dituztela aurreratu dute, “guztia euskaratik eta euskaraz”. Taldeak osatu eta izena ematera animatu dituzte eskualdeko gaztetxo guztiak.