Lea-Artibaiko dantzak, jolasak eta lurpeko ondarea ezagutzeko aukera eskainiko dute oraingoan, Ondarearen Jardunaldiek
Lea-Artibaiko hainbat herritako ondarea plazara aterako dute asteburu honetan ere, Europako Ondarearen Jardunaldiek. Markina-Xemeinen, Aulestin, Lekeition eta Berriatuan daude ekimenak.
Unesco Etxeak Markina-Xemeingo Berakruz Ikastolako Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleekin batera, jardunaldi bat antolatu du gaur [urriak 24] jende guztiarentzat. Herriko beste gazte eta nagusi batzuekin joko tradizionalak zabaldu eta euretara jolasteko aukera eskainiko dute 15:00etatik 16:30era gymkana berezi baten bidez.
Gaurkoak ez dira, baina, Markina-Xemeingo ekimen bakarrak izango. Zerutxu dantza-taldearen eskutik dantza erakusketa gidatua egongo da zapatuan [urriak 26], 11:00etan. Herriko hainbat erakusleihotan, Zerutxu dantza taldearen jantziak egongo dira ikusgai. Jantziok herriko ondarearen parte garrantzitsua dira, eta euren edertasuna ikusteaz gain, jantzi bakoitzaren esanahia eta historia ezagutzeko aukera egongo da Zerutxu dantza taldeko kideen eskutik.
Jantziak, Tate gozotegian, J.J. oinetakoak, Carlota, Kareaga jostailuak, Txanbelin ume moda, Ibane Barne diseinua eta Lea Ileapaindegian jarriko dituzte ikusgai. Bisitan parte hartzeko, aurrez izena ematea eskatu dute 94 616 63 03 edo 640 29 09 64 telefono zenbakietara deituta.
Horrez gain, 19.30ean, Arkupe aurrean, Zerutxu dantza taldeak, Koldobika Jauregi artista eta Susana Cencillo eta Iban Gurrutxaga musikariekin batera, diziplina askoko ikuskizuna eskainiko dute: M.A.D. Musika, Arte eta Dantza ikuskizuna. Eguraldi txarra eginez gero, ikuskizuna Xemeingo elizara lekualdatuko dute.
Aulestin eta Lekeition barikuan [urriak 25] izango dituzte ekimenak. Ezetz Igerri! lehiaketa herrikoia prestatu dute Aulestin. Herriari buruzko galdera erantzunezko lehiaketa 20:15ean egingo da herriko areto nagusian. 21 taldek eman dute izena eta 22. taldea, urriaren 9an eskolan egindako aurrelehiaketan sailkatu zen Artaburuk taldea izango da, Onintza Zankada, Ane Ubillos eta Hegoi Jaiok osatua.
Sei kanporaketa egongo dira, eta hortik irabazle bana aterako da. Beraz, bi finalerdi jolastuko dira, eta hortik sailkatutako lau talderen artean jokatuko da finala. Publikoak ere parte hartzeko aukera edukiko du, emango zaizkien galderen erantzunak markatzeko txantiloiarekin. Horrez gain, buzoi bat ere jarriko dute, etorkizunean egin nahi duten mahai jokoan herritarrek proposatu nahi dituzten galderak barruan sartzeko.
Asteburu honetan hasiko dute Ondare Jardunaldietako egitaraua Lekeition, eta azaroaren 3an amaituko da, herriaren urteurrenaren ospakizunekin. Lurpeko ondarea ezagutzen hasiko dira lekeitiarrak; Lumentxa haitzuloko grafiti historikoen nondik norakoak aztertuko dituzte, hain zuen, Edestiaurre Arkeologia Elkarteko Iñaki Libano eta Iñaki Intxaurbe adituen eskutik.
Lumentxa haitzuloan oso izen ezagunak aurkitu dituzte Edestiaurre Arkeologia Elkarteko kideek 2017an horretan hasi zirenetik, baita izengabe batzuk ere. Lekeitioko lurpeko ondare horretatik igaro izana jasota utzi zutenen lekuko dira grafiti horiek, orain arte ezezagun izan den ondarea. 19:00etan hasiko den hitzaldiaren lehen zatia gazteleraz izango da eta bigarrena euskaraz.
Iñaki Irigoien Etxebarria dantzari, irakasle, ikertzaile eta dantza bultzatzailearen laguntzagaz Herriko Sarats Dantza Taldearen ibilbidea ezagutzeko aukera edukiko dute, berriz, berriatuarrek zapatuan [urriak 26], eta herriko eta auzoetako plazak izan duten garrantziaz ere ohartu ahalko dira, berriro plazaratuko dituzten materialen bidez. Horretarako, udalak eta Goikolau Kultur Elkarteak antolatuta, proiekzio bat eta solasaldia izango dituzte 19:00etan, Zentrala Kultur Gunean.