Udal tasa eta zergen %1eko igoera onartu du Lekeitiok
Ondasun higiezinen gaineko zergan, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan, zaborren bilketan, estolderian, hilerrian, merkatuan eta hirigintzako baimenetan ezarriko dute igoera.
KPIaren igoera kontutan hartuta, Lekeitioko Udalak 2020ko udal tasa eta zergetan %1eko eguneratzea aplikatzea erabaki du. Aldiz, kiroldegiko abonuak eta egun dauden hobari fiskalak mantendu egingo dituzte. 2020ko ordenantza fiskalak “oinarrizko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko beharrezkoak dituen diru-sarrerak bermatzeko helburuarekin” eginda daudela azaldu dute. “Modu berean, kontuan izan da ere, urtean zehar sortu daitezkeen beste egoera batzuen finantzaketari aurre egiteko aukera, besteak beste, udalerriaren egoera hobetu dezaketen proiektuak edota inbertsioak egiteko”.
Momentu honetan Lekeitioko Udalaren egoera ona del azaldu dute. Baina beharrezkoa dela diote hurrengo urteetan egon daitezkeen erronkei modu jasangarrian aurre egiteko prest egotea. “Herritarrek geroz eta zerbitzu publiko gehiago eta hobeak eskatzen dituzte eta honi erantzun egokia eman behar zaio. Eta udalerrian egun dugun ongizate maila mantentzeak erakunde publikoen lankidetzaz gain, hiri-kontribuzioa ere eskatzen du”.
Tasa berriak urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko dituzte, eta Ondasun higiezinen gaineko zergan, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan, zaborren bilketan, estolderian, hilerrian, merkatuan eta hirigintzako baimenetan izango dute eragina.
Bestalde, udaleko beharginen soldatak ere eguneratu egin dituzte. Hala, uztailetik abendura bitarteko soldatak %0,25 igotzea onartu dute, atzeraeraginezko izaeraz ordainduz. “Horri 2019 hasieran igotako %2,25a gehitu behar zaio. Gainera, izandako eraginkortasunagatik, soldataren %0,30ko produktibitate-sari bezala emango da”.