Azaroaren 1ean zeharkatuko du Lekeitio XII. Lekitto Bixirik herri krosak
Izena aurretiaz ematea gomendatu dute antolatzaileek. Horretarako Herrikrosa webgunera joan behar da. Gazteek ez dute ordaindu beharko, eta bertan emagunean eman behar dute izena.
Lekeitiarrak aringa-aringa jarriko ditu azaroaren 1ean egingo den XII. Lekitto Bixirik herri krosak. Herritar guztiek parte hartu ahal izateko, lau lasterketa prestatu dituzte aurten ere, adin maila ezberdinetan banatuta. Herriko plaza izango da topaleku, eta bertatik aterako dira lasterketa guztiak.
Izena aurretiaz ematea gomendatu dute antolatzaileek. Horretarako Herrikrosa webgunera joan behar da. Azaldu dutenez, izena aurretik ematen dutenek merkeago edukiko dute parte hartzea, eta gainera, lehenengo 200 parte hartzaileek oparia jasoko dute. Egunean bertan parte hartzea erabakitzen duenek, beraz, 10:30etik aurrera aurkituko dute izena emateko mahaia herriko plazan. Izena aurretik ematen duten nagusiek 8 euro ordaindu beharko dute,egunean bertan 10 euro izango dira. Gazteek, berriz, ez dutela ordaindu beharko zehaztu dute antolatzaileek, eta izena bertan egunean eman beharko dute.
3 urtetik gorakoek edukiko dute aringa-aringa egiteko aukera. Lau proba egingo dira adinaren arabera banatuta. Lehenengo, 11:00etan, HH3tik HH5era bitarteko umeek egingo dute aringa-aringa 450 metroko ibilbidea eginez; horien atzetik, 11:15ean, LH1 etik LH3ra urte artekoak, 1.050 metroko ibilbidea egingo dute, eta ondoren, LH4-LH6 bitartekoek 1.400 metroko ibilbidea bete beharko dute 11:30ean herriko plazatik irtenda, portuan zehar.
Azken lasterketa DBH1etik gorakoentzakoa izango da. 12:00etan hasiko dute krosa, eta herrian zehar luzatuko den 5 kilometro eta erdiko ibilbidea osatu beharko dute.