Greba hasi dute Markina-Xemeingo kiroldegiko beharginek
Lan hitzarmen duin baten aldeko borrokan jarraitzen dute beharginek. Kiroldegiko instalazioak itxita egongo dira grebak irauten duen bitartean, gaur [urriak 28] hasi eta azaroaren 10era arte.
Bizkaiko Kirol Lokal eta Zelaietako sektoreak deitutako greba deialdiagaz bat egingo dute Markina-Xemeingo kiroldegiko beharginek. Hori dela eta, kiroldegiko instalazioak itxita egongo dira grebak irauten duen bitartean, gaur [urriak 28] hasi eta azaroaren 10era arte. Lau greba egun eta 11 geldialdi egin dituzte orain arte, eta konponbiderik lortzen ez dutenez, beste 14 eguneko greba hastera behartuak egon dira.
Bizkaiko beste hainbat kiroldegigaz batera, hitzarmen duin baten aldeko borrokan dihardute Markina-Xemeingo kiroldegiko beharginek joan den ikasturtetik. Azaldu dutenez, 2018tik hona patronalagaz izan dituzten 16 bileretan “ez da inolako aurrerapenik eman”, eta orain, uda aurretik zeuden egoera berdinean aurkitzen dira. Horrela, ikasturte berrian ere borrokarekin jarraitzeko asmoa agertu dute.
Jardun murritzak, aldi baterako kontratuak, lan egindako igande eta jai egunen aitortza eza, aktibitateen arteko deskantsuaren aitortza eza, klaseen prestakuntzarako denboraren aitortza eza, ordu berriak eskuratzeko berme eza, lanpostu hutsak eskuratzeko berme eza, lan arropa egokien falta eta beharginen urritasuna dira besteak beste kiroldegiko beharginek salatzen dituzten lan baldintza prekarioak. Eta horiek hobetzeko kalean egongo dira egunotan.
Markina-Xemeinen elkarretaratzeak egingo dituzte aste honetan Arkupean eta kiroldegiaren aurrean. Gaurtik eguenera [urriak 31] arte elkarretaratze zaratatsuak egingo dituzte 17:00etatik 18:00etara, Arkupean. Bihar [urriak 29] eta etzi [urriak 30], gainera, kiroldegi aurrean ere egongo dira goizez, 08:00etatik 15:00etara. Nahi duten kiroldegiko erabiltzaile eta herritarrei ere ekitaldietara batzeko deia egin diete. “Egoera honek denoi eragiten digu, langile zein erabiltzaile, enpresa zein udal. Hortaz, borroka denona da”, adierazi dute.