Ander Okamika triatleta omendu dute Lekeition
Ongietorria egin diote herritarrek udaletxeko eskaileren aurrean, bere garaipena txalotu eta ospatzeko.
Lekeitiko udaletxe aurrea herritarrez bete zen atzo [urriak 28] iluntzean Espainiako kopa irabazi duen Ander Okamika triatleta lekeitiarra omentzeko. Ongietorria egin zioten herritarrek udaletxeko eskaileren aurrean bere garaipena txalotu eta ospatzeko.
Domekan [urriak 27] Eivissan (Balearrak, Herrialde Katalanak) lehiatu zuen distantzia erdiko triatloiaren nondik norakoak galdetu zizkioten herriko triatletari bai eta aurrera begira dituen erronkei buruz ere. Amaitzeko oroigarri bat eman zion Lekeitioko Udalak herritar guztien izenean. “Esker onez” jaso zuen Okamikak, Koldo Goitia Lekeitioko alkatearen eskutik hartu zuen oparia, sentitu duen babesa eskertu zuen kirolariak.
Udaletxeko eskaileretan, lagunartean ateratako argazkiagaz amaitu zuten ekimena.