Berton5 bonu kanpaina abiarazi dute Markina-Xemeinen
Bonua 10 euroko prezioan eskuratu ahalko dute herritarrek, baina bere balioa 15 eurokoa izango da. Azaroaren 20an, 21ean eta 22an erosi ahalko dira bonuak.
Markina-Xemeingo Udalak eta Hemen be bai Markina-Xemeingo merkatari eta ostalarien elkarteak elkarlanean martxan jarri duten Berton5 kanpaina aurkeztu dute gaur [urriak 29] Markina-Xemeingo kultur aretoan. Herriko kontsumoa suspertzeko helburuagaz bonu batzuk kaleratuko dituzte kanpainari atxikitutako saltokietan gastatu ahal izateko.
Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak azaldu duenez, urriaren 14an sinatu zuten hitzarmena udalak eta elkarteak. Hitzarmen horri esker, udalak diruz lagunduko du elkartearen ekimenez azaroan egingo den Berton5 kanpaina. Kanpaina eratzeko beste herri batzuetako ereduari jarraitu diotela zehaztu du alkateak eta Lea Artibai Garapen Agentziaren aholkularitza ere izan dute. “Guztira 500 bonu dira eta Markina-Xemeingo Caixabank-en eskuratu ahalko dira”. Kanpainan, Hemen be bai merkatari elkarteko saltoki eta ostalariek zein herriko beste guztiek parte hartu dezaketela gaineratu du. “Herritarrek herriko dendetan erosteko ohitura hartzea lortu nahi dugu”.
Bonua 10 euroko prezioan eskuratu ahalko dute herritarrek, baina bere balioa 15 eurokoa izango da. Bonua eskuratzeko, baina, Markina-Xemeinen erroldatuta egon beharko da, eta 18 urte eduki beharko dira. “Pertsona bakoitzak bonu bi eskuratu ahalko ditu Caixabank-eko leihatilan. Horretarako eroslea bera joan beharko da eta Nortasun Agiriagaz identifikatu. Ezin da beste inor joan beste baten izenean bonuak erostera”, jakitera eman dute Hemen be bai elkartekoek.
Bonuak azaroaren 20, 21 eta 22an erosi ahalko dira 08:30etik 13:00etara eta azaroaren 21ean 16:15etik 18:30era, eta hurrengo astean gastatu ahalko dira, azaroaren 25etik 30era, hain zuen, kanpainara atxikitutako dendetan. “Bonu bakoitza leku batean gastatu behar da, ezin da bonu bat hainbat saltokitan gastatu, eta erosketa bakoitzeko bi bonu gastatu ahalko dira gehienez, ez du balioko bonu pilaketa egiteak”. Kanpainan parte hartuko duten merkatari eta ostalariek kanpainaren kartela edukiko dute.
Saltokiak. Kanpainara batu nahi duten saltokiek atxikipenerako orriak bete eta eskatzen zaien dokumentazioagaz batera entregatu beharko dituzte. “Dokumentazioa Mapfren aurkeztu beharko da, itxitako gutun-azalean, azaroaren 4tik 14ra”. Euren saltokietan gastatzen diren bonuak eta dagokion dokumentazioa, berriz, abenduaren 2tik 13ra bitartean entregatu beharko dute.
Kanpainara batzeko atxikimendu orriak nahi dituzten establezimenduek Hemen be bai elkartekoekin harremanetan jar daitezkeela azaldu dute.