Elkanoren garaiko euskal kostaldearen berri emango dute Lekeition
Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak eta Aitor Leniz historialari eta arkeologo lekeitiarrak Euskal Herriko XV. mende amaierako eta XVI. mendeko lehen erdiko urrezko garaia ezagutzera emango dute bihar kultur etxean eskainiko duten solasaldian.
Elkanoren garaiko Euskal Kostaldearen testuingurua izenburupean solasean arituko dira eguenean [urriak 31], Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendaria eta Aitor Leniz historialari eta arkeologo lekeitiarra. 18:00etan hasiko duten hitzaldiaren helburua, Euskal Herriko XV. mende amaierako eta XVI. mendeko lehen erdiko urrezko garaia ezagutaraztea dela azaldu du Lenizek. “Gure arbasoen historiaz betiko kontu eta mito gutxi batzuk bakarrik dakizkigu, eta, adibidez, beste askoren artean ez ditugu Nicolas de Arteita (edo Artieta) edota Iñigo de Arteita pertsonai historiko lekeitiarrak ezagutzen”.
Munduko historian, orokorrean, euskaldunek izan duten protagonismoa edo utzitako aztarna ere azpimarratu nahi dute hizlariek. “Espainiar estatuak edota frantziarrak, beste estatu batzuek bezala, historia ofizial bat sortu dute, atal batzuk kenduz edota desitxuratuz. Horregatik, interes politikoak tarteko, periferiako herriak, kasu honetan Euskal Herria, bizkarra emanda egon dira, egin dituzten ekarpenak eta itsasoarekin loturiko punta puntako aktibitate ezberdinen garrantzia aintzat hartu barik”. Eta beraz, Euskal Herriak historian eduki duen garrantzia edo egin dituen ekarpenak erreibindikatzea garrantzitsua dela dio lekeitiarrak.
Lenizek jakitera eman duenez, Elkanoren lehen mundu biran parte hartu zuten bost ontzietatik hiru, esate baterako, Euskal Herrian egindakoak dira. “Nao Victoria (lehen Santa Maria) Domingo de Apalloa ondarrutarrarena zen, nahiz eta Gipuzkoarrek Zarautzen egina zela esaten duten ere; Trinidad, lehen Santa Catalina de Siena deritzona, handiena, Nicolas de Arteita lekeitiarrarena. Artietak flota guztiaren hornikuntzaren ardura ere izan zuen. Eta, azkenik, San Antonio ontzia Domingo de Asua erandiotarrarena zen”.
Horrez gain, marinel guztien laurden bat euskaldunak zirela ere zehaztu du. “Juan de Acurio bermeotarra kontramaisua, berriz bueltatzea lortu zuena, edota Domingo de Urrutia edo Barrutia lekeitiarra Brunein geratu zena, esaterako”. Dionez, ez da kasualitatea euskaldunen presentzia hain handia izatea. Izan ere, Euskal Herriak itsas munduan presentzia handia zeukan. “Espedizioa aurrera eramateko gaitasuna izateak nabigazioari buruzko jakintza batzuk zituztela adierazten du. Horren erakusgarri da ere, 1500 urtean Cadizen sortutako Colegio de Pilotos Vizcainos itsas-gizonak prestatzeko zentro bat existitzea ere”.
Arkeologiaren garrantzia. XV eta XVI. mendeetan Euskal Herrian itsas aktibitate handia eta oparotasuna egon zela gogoratu du. “Ontzigintzan oso trebeak bihurtu ziren euskaldunak bai eta marinel modura ere bai. Hasiera batean garraiolariak ziren batez ere, eta gero, merkatariak ere bai. Burdina, Gaztelako ardi merinoen artilea, arraina, bale-olioa, garia eta antzekoak, Ameriketako zilarra… Esperientzia eta izen handiko marinelak, arrantzaleak eta ontzigileak eta nazioarte mailan ere ospe handia zeukaten”.
Historialari eta arkeologo lekeitiarrak dionez, euskal itsas historia ikertzeko lan asko dago egiteko oraindik, eta arkeologiak zeresan handia izan dezake horretan. “Zalantza asko argitu ditzake, daukagun dokumentazio guztia XV eta XVI. mendeetatik aurrerakoa da-eta”. Euskal Herriagaz lotutako aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuen artean, besteak beste, Laidan aurkitutako XIII. mendeko ontziaren aztarnak, Urbietako (Gernika-Lumo) XV. mendearen bigarren erdialdeko pinaza, Orioko XVI. mendeko patachea edota Red Bay-en (Kanada) aurkitu zuten XVI. mendekoa San Juan baleontzia aitatu ditu Lenizek.
Azalpen horiek guztiak eta xehetasun gehiago eskainiko dituzte biharko hitzaldian. “Apustu handia zen espedizio hartan parte hartzea. Gehiengoa ez zen itzuli”.