Galartza auzoa eta bere historia ezagutu dute etxebarritarrek Baserriz baserri
Etx kultur elkarteak mendi martxa antolatu zuen domekan [urriak 27], herriko auzoa ezagutzera emateko. 60 lagunek parte hartu zuten ekimenean.
Galartza auzoko baserri, ermita, errota eta garaiak ezagutu dituzte etxebarritarrek. Etx kultur elkarteak mendi martxa antolatu zuen domekan [urriak 27], herriko auzoa ezagutzera emateko, eta herritarrez gain, Lea-Artibaiko beste bizilagun batzuk ere animatu ziren ekimenean parte hartzera. Guztira, 60 lagunek osatu zuten ibilbidea.
Galartza industrialdean hasi ziren ETX kultur elkartekoak azalpenak ematen. Jakitera eman zutenez, Iberre izeneko baserri bat zegoen lehen leku horretan eta sasoikako langileak egoten ziren bertan. Etxebarria eta Barinaga lotzen dituen errepidearen ondoan dagoen Urrusolora abiatu ziren ondoren. “Zoroetxea egon zen bertan, eta terapiak egiten zituzten ur hotzagaz”. Errota, garai batean, Eibarko monja batzuena ere izan zela aitatu zuten.
Barrenetxe baserrira ere joan ziren, hortxe eman zituen nekazarien kooperatibak lehen pausoak. “Negutegia bi urtez egon ziren bertan, baina edurte batek negutegia apurtu ondoren, gaur egun dakoen lekura aldatu ziren”. Hortik Basabera joan ziren. Argitu zutenez, Basaben, 36ko gerra garaian, 61 lagun egon ziren, Elgoibartik eta Eibartik etorriak. Tartean ume piloa zeuden eta eskola bat jarri zuten kortan. Hortik Iremategi baserrirantz abiatu ziren. “Turbina bat zeukaten beheko errekan inguruetako hiru baserrik argia edukitzeko”. Eta gero, Santa Kurutz ermita ikusi zuten. “1973an erre egin zen. Lehen elizpe handi bat zeukan, baina ez zioten berririk egin”.
Beheranzko bidea hartu zuten jarraian, Lomiño errotara jaitsiz. Esplikatu zutenez, errota txikia zelako errota modura jarraitzen utzi zioten. “Garai batean Okokik zarratu egin zituen Barinagatik Markina-Xemeinera zeuden errota denak, garia eurei bakarrik eramateko, eta beste errotetan gauez egiten zuten lan, ezkutuan”. Santa Engrazi ermita ere bisitatu zuten Lomiño barrenera bidean. “Baserri horretan txokolategi bat zegoen bere garaian, eta bertako mutil bi eskribauak ziren. Aipagarria da ere, Lomiño baserriak sortu zirenetik gaur egunera arte leinu berdinak jarraitzen duela bertan”.
Ibilbidearen amaierarantz garai bi ikustera joan ziren. Alde batetik, gariak eta sagarrak gordetzeko XVI. mendean eraikitako Ibergun baserriko garaia eta bestetik, hurre dagoen Irunbeñekoa. Eta azkenik, Lausagarreta baserria eta hango zubi erromatarra ikusi zituzten.
Ikusi eta ikasteagaz gainera, martxa borobiltzeko hamaiketakoa eduki zuten ibiltariek plazan. Hala, txorizoa eta txokolatea janez amaitu zuten ekimena.