Sarek larriki gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa egingo du Gasteizen
Martitzenean [urriak 31] zendu zen Jose Angel Otxoa de Eribe presoaren egoera berriz ez gertatzea eskatuko du Sarek zapatuan [azaroak 2]. Manifestazioa 17:00etan aterako da, Artium paretik. Ondarroan eta Lekeition autobusak antolatu dituzte.
Sare Herritarrak “euskal presoentzat heriotza zigor bilakatzen” duen egoera amaitzeko exijitzeko manifestazioa egingo du zapatuan, azaroaren 2an, Gasteizen. Horretarako larriki gaixo diren presoak aske uzteko aldarrikatuko dute Artium paretik 17:00etan hasiko den ekimenean. Ondarroan eta Lekeition autobusak antolatu dituzte. Ondarroan Anaitasuna eta Kulixka tabernetan izena eman behar da; autobusa 15:00etan aterako, Zaldupe zubitik. Lekeiton Galarrenan izena eman behar da; autobusa 14:30ean aterako da, Mandaskatik.
Saretik nabarmendu dutenez, zapatuko manifestazioan martitzenean [urriak 29] zendu zen Jose Angel Otxoa de Eribe Arabako Urkabuztaitz herriko bizilagunaren kasua berriz ez errepikatzea eskatuko dute. Otxoa 2000. urtean espetxeratu zuten Castelloko espetxean, 30 urteko zigorra egotzita. 2015. urtean minbizia diagnostikatu zioten, eta 2016ean, bere zigorraren azken laurdena larri gaixorik zegoela betetzea gelditzen zitzaion arren, espetxean mantentzea erabaki zuten, “bere egoerak guztiz okerrera egin eta atzera buelta gabea bilakatu arte”.
Uztailean baldintzapean askatu zuten Otxoa; Sarekoen berbetan, “askatasuna bere egoera klinikoa guztiz muturrekoa zenean baino ez zioten eman”.
Saretik azaldu dutenez, espetxe politikaren ohiko legediaren arabera, Otxoak “bere gaitza etxean, baldintza duinetan, aukera guztiekin eta bere senide eta konfiantzazko medikuen babesagaz artatzeko eskubidea zuen”. Hori dela eta, Otxoa “azkena izan dadila” aldarrikatuko dute Gasteizko kaleetan, “zigorrerako eta mendekurako espetxearen erabilera eta abusua” salatuz. Espainiako Gobernuari “gorrotoa eta mendekua albo batera utzi, eta halako egoerek eskatzen duten humanitateagaz eta arduragaz joka dezan” eskatzen dio Sarek.
20 preso. Gaur egun 20 dira larriki gaixo dauden euskal presoak: horien artean aurkitzen da Ibon Iparragirre Burgoa ondarrutarra. Lea-Artibaiko Sarek deituta, larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatzeko ekimena egin zuten Ondarroan orain bi aste.
Han aldarrikatu zutenez, euskal presoei ezartzen zaien salbuespenerako espetxe politikak isolamendua, zigorraren luzapena eta urrutze politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute. “Ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak… sortzen ditu. Gaixo diren presoen kasuan, gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena du”.