Martxan da Ispasterko III. Literatura Lehiaketa
Azaroaren 22a [barikua] dute parte hartzaileek lanak bidaltzeko azken eguna. 2013. urtetik aurrera jaiotako bizilagunak aurkeztu daitezke lehiaketara.
Hirugarren urtez, literatura lehiaketa antolatu du Ispasterko Udalak. Helburu nagusia “herritarren artean euskal literatura sormena sustatzea” izanik, haur, gazte zein helduek udalerriaren sorreraren 500. urteurrena izango dute, aurten, jorratzeko gaia. Parte hartzaileek azaroaren 22a [barikua] baino lehen bidali beharko dituzte beraien lanak.
Lehiaketa sei kategoriatan dago banatuta: A kategoria (2012-2013 urteetan jaiotakoak), B kategoria (2010-2011 urteetan jaiotakoak), C kategoria (2008-2009. urtean jaiotakoak), D kategoria (2006-2007. urtean jaiotakoak), E kategoria (2004-2005 urteetan jaiotakoak) eta F kategoria (2003. urtean edo aurretik jaiotakoak). Parte hartzaile guztiak “gaur egun Ispasterren erroldatuta” egon behar dute, edota “Ispaster HLHIn izena emanda”.
Lanek izan behar duten hitz kopuruari dagokienez, A kategoriakoek ez dute mugarik izango, baina marrazki bat jaso beharko dute idazkiek. Gainerakoek, aldiz, gutxienez 200 hitz idatzi beharko dituzte. Denak euskaraz idatzitakoak eta inoiz argitaratu gabekoak (edo lehiaketetara aurkeztu gabekoak) izan behar dutela ohartarazi dute.
Lanak aurkezteko bi modu daudela adierazi dute antolatzaileek. A kategoriakoek izen-emate fitxa bete eta lanarekin batera udaletxean utzi beharko dute. Gainerakoek, www.ispaster.net webgunean ahalbidetu dituzten esteken bitartez aurkeztu beharko dituzte, beti ere, PDF formatuan eta goitizenez sinatuta (ez da egilearen datu pertsonalik agertu behar). Hala ere, beharrezko baliabide teknikorik ez dutenek lanak eskuz idatzita ere aurkez ditzaketela jakinarazi dute antolatzaileek.
Epaimahaia eta sariak. Ispasterko Udalak izendatuko du epaimahaia, eta abenduaren 3an, Euskararen Egunean, egingo dute sari banaketa ekitaldia, Udal Liburutegian. Hala ere, argitu dute “aurkeztutako obra kopurua espero baino handiagoa bada, lehiaketaren ebazpenak atzerapena izan” dezakela.
A, B, C eta F kategorietako irabazleek “liburuetan edo eskola materialean” 25 euro, 50 euro, 75 euro eta 100 euroko balioa duen txartela zein diploma jasoko dute, hurrenez hurren; D eta E kategorietako irabazleek, aldiz, 50 euroko balioa duen txartela eta diploma, baina baita Mendexa Abentura Parkerako bi sarrera ere.