Mutrikuko Gaba Beltzak erroetara buelta egingo du aurten
Gaba Beltza girotzen hasita badaude ere, ekintzarik nagusienak eguenean, barikuan eta zapatuan egingo dituzte.
Barikuan da azaroaren 1a, eta egun horren harira proposamen ugari dakartzate antolatzaileek Mutrikura. 20 urte baino gehiago daramate urteko gaurik ilunena eta beldugarriena ospatzen, eta antolatzaileek jaia indartzeko saiakera berezia egin dute aurten. Gaba Beltzaren erroetara bueltzako asmoa agertu dute, eta hala, Gaba Beltza girotzen hasteko hainbat ekintza egin dituzte azken egunotan.
Hori bai, arimen gauari lotutako ekintzarik nagusienak eguenean [urriak 31] egingo dituzte ohi modura. Egueneko ekimenei Txantxangorri aisialdi taldekoek antolatutako saio beldurgarriek emango diete hasiera. Ekintzarik beldurgarrienak Gaztelekuko eta Ludotekako protagonista bihurtuko dira.
Gaua egin orduko, berriz, Talaixako mamua herritarrak beldurtzeko asmoarekin jaitsiko da herrira. Kalejira ilunak 20:00etan irtengo du Gaztetxe paretik, eta txistularien eta trikitilarien doinuek alaituta, Gure Ametsa dantza taldeko dantzariak Axuri Beltza dantzatzen ibiliko dira kalerik kale, kriseiluak eskuetan. Eurekin batera joango da Talaixako Mamua ere argi zuziekin lagunduta. Eguna Tailaxako Mamuari su emanaz amaituko dute Beheko Plazan.
Hurrengo egunak ere sorginduta etorriko dira. Herritarren gozamenerako beste hainbat ekintza beldurgarri antolatu dituzte. Barikuan [azaroak 1] Txantxangorrirekin batera ikerlari lanetan ibiliko dira herriko gaztetxoak. Gaua Lekittoko Deabruen suzi eta argi ikuskizunak beteko du. Zapatu [azaroak 2] iluntzea eta gaua, berriz, dantza eta musikarentzako izango dira. Arima Dance taldeak kalejira egingo du Albokatik frontoira eta Xaibor gaurik beldurgarrienari musika jartzen ibiliko da Beheko Plazan egingo duten diskofestan.
EGITARAUA
Urriak 31, eguena
- 16:30-18:00. Txantxangorriren eskutik, Gaba Beltzeko elementuekin jolasean! ekimena LH2tik 4rakoentzat Gaztelekuan.
- 18:00-19:00. Txantxangorriren eskutik, Gaba Beltzeko artistatxoak! ekimena HH eta LH1ekoentzat, Ludotekan.
- 20:00. Gure Ametsa dantza taldea, txistulariak eta trikitilariak Axuri Beltza dantza kalejiran.
- Ondoren. Talaixako mamuaren erreketa Gaztetxearen eskutik.
Azaroak 1, barikua
- 18:00-20:00. Txantxangorriren eskutik, Gaztelekuko gazteak: ikerlari lanetan! ekimena LH5 eta 6koentzat, Gaztelekuan.
- 20:30. Lekittoko Deabruak kalejiran.
Azaroak 2, zapatua
- 19:00. Arima Dance taldearen kalejira Albokatik frontoira.
- 20:00-00:00. Diskofesta Beheko Plazan.