250 parte hartzaile baino gehiago batu ditu XII. Lekitto Bixirik herri krosak
Adin guztietako herritarrek parte hartu dute bigarren urtez Amandarri triatloi taldeak antolatu duen lasterketan. Lehendabizi txikiek egin dute korrika, eta gero, 12:00ak aldera, nagusiek. Ekimenaren helburua korrika eginez ondo pasatzea zela esan dute antolatzaileek.
Hamabigarrenez egin da gaur [azaroak 1] Lekitto Bixirik herri krosa. Antolatzailea Amandarri triatloi taldea izan da, bigarren urtez. Guztira 250 parte hartzaile baino gehiago egon dira lasterketan; lekeitiarrez gain, eskualdeko zein beste herri batzuetako parte hartzaileak ere batu dira.
Lehendabizi txikienek egin dute korrika, bi taldetan banatuta; 60 ume baino gehiago batu dira bi lasterketetan. Eta ostean, atsedenaldi bat egin eta beroketak egiteko tartea hartu ondoren, DBH1etik gorako herritar guztien txanda izan da. Horretan 207 herritar batu dira, eta 5 kilometro eta erdiko ibilbidea egin dute; lasterketa 198 korrikalarik amaitu dute. Txikien lasterketetan ez bezala, azken lasterketak sailkapena ere eduki du. Gizonezkoetan Iker Ormaetxea Arrieta ondarrutarra izan da lehena helmugaratzen (18 minutu eta 7 segundo egin ditu). Emakumezkoetan, ostera, Maria Zorroza Iriondo gernikarra izan da azkarrena (19 minutu eta 49 segundo egin ditu).
Ekintzagaz amaitzeko, parte hartzaileek talde argazki atera dute Independentzia plazan.