Kiroldegietako langileen grebak Ondarroako Zaldupe kiroldegian ere eragingo du
Zapatuan eta domekan kiroldegia zabalik egongo da, baina igerilekua itxita egongo da, sorospen zerbitzurik ez delako egongo. Harrera ohiko ordutegian egongo da, eta gainerako instalazioak ere erabilgarri egongo dira.
Ondarroako Udalak jakinarazi duenez, Zaldupe udal kiroldegian ere eragingo du Bizkaiko kiroldegietako langileak egiten ari diren grebak. “Udalak kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak emateko ez ditu behar den beste langile propio, beraz, Jaso Kirol Zerbitzuak enpresa kontratatu zen zerbitzu horrek kalitatez herritarrei eskaintzeko”. Eta hain zuzen ere, enpresa horretako beharginak dira Bizkaiko greba deialdiagaz bat egingo dutenak; enpresak eguen [urriak 31] gauean jakitera eman zuen.
Jaso Kirol Zerbitzuak enpresak ondoko zerbitzuak eskaintzen ditu Zaldupen: kiroldegiak antolatzen dituen ikastaroen monitoretza, sorospen zerbitzua igerilekuetan eta harrera zerbitzua (udal langileek bete ezin dituzten orduak).
Momentuz, aurreratu dutenez, zapatuan eta domekan [azaroak 2-3], kiroldegia zabalik egongo da, baina igerilekua itxita egongo da, sorospen zerbitzurik ez delako egongo. Harrera ohiko ordutegian egongo da, eta gainerako instalazioak ere erabilgarri egongo dira, betiko ordutegian.
Ondarroako Udalak argi utzi nahi izan du Jaso Kirol Zerbitzuak enpresak hitzarmenaren arabera dituela kontratatuta Zaldupe kiroldegiko langileak. “Argi utzi nahi dugu baita ere udalari langile borroka zilegi iruditzen zaiola”.
Astelehenetik aurrera informazio zehatzagoa eskainiko dutela esan dute. Greba datorren aste osorako ere deituta dago.