Abisu horiak indarrean jarraituko du datozen orduetan
Ondarroa eta Deba arteko errepideko obretan seinaleak botata agertu dira. Abisu horiak bihar arte iraungo du, olatu eta prezipitazioengatik
Amelie denboraleak 100 kilometro ordutik gorako haize ufadak eta olatu handiak ekarri ditu Lea-Artibai eta Mutrikura. Besteak beste, zuhaitzak eta obretako seinaleak botata agertu ziren domeka goizean.
Haize ufada handienak domeka goizaldean gertatu ziren. Ondarroatik Debara arteko tartean hainbat obra egiten ari dira, eta haize ufadek obretako seinale gehienak bota zituzten; haizeak Mutrikuko Mijoa parean zegoen obretako langileentzako komuna ere bota zuen. Mutrikutik Debarako bidean eta Markina-Xemeindik Aulestirako bidean, gainera, zuhaitzak ere erori ziren.
Ezustekoa Arrigorrin. Haize ufadekin batera, kostaldean bost metrora arteko olatuak ikusi ahal izan ziren. Eta horrelakoetan egin izan den modura, kai musturrak eta bestelako pasealekuak itxita egon ziren. Dena dela, herritar askok ez zuten seinaleak errespetatu, eta dikeetara hurreratu ziren.
Ondarroan Arrigorri hondartzara ere sartu ziren herritar batzuk, eta ezustekoa eduki zuten. WhatsApp bidez zabaldutako bideoan ikusi ahal denez, olatuak bi herritar harrapatu zituen; bustita baina onik atera ziren gazteak. «Jendeak seinaleak errespetatu egin behar ditu. Zerbaitegatik ezartzen dira alerta laranjak eta zerbaitegatik hartzen dira neurriak», zehaztu dute Euskalmetekoek.
Jakinarazi dutenez, martitzen [azaroak 5] eguerdira arte abisu horia egongo da olatu handiengatik eta Gipuzkoaren kasuan prezipitazioengatik. «Alde batetik bost metrora arteko olatuak espero dira gaur ere. Abisu horiak 12:00ak arte iraungo du. Euri zaparradak batik bat Gipuzkoako ekialdean igarriko dira. Leku batzuetan metro karratuko 60 litro pilatu ahalko dira. Momentu batzuetan, gainera, txingorra ere egin ahal du».