Gazte batek Amoroton edukitako lan istripua salatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak
30 urteko gizonezkoak barikuan [azaroak 1] eduki zuen lan istripua "larria" izan zela esan dute. Kontseiluak dio lan istripua "prekarietatearen eta lan baldintza txarren ondorioz" gertatu dela.
30 urteko gizonezkoak barikuan [azaroak 1] basoan lanean zebilela eduki zuen istripua, 12:00ak aldera, Amorotoko Odiaga auzoan. Esan dutenez, zuhaitz baten adarrak jo zuen gaztea. Istripua gertatu zen lekura ezin zenez erraz ailegatu, Ertzaintzaren modenko taldea eta helikopteroa bertaratu ziren, eta gaztea Gurutzetako ospitalera eraman zuten, anbulantzian.
Istripuaren aurrean, Euskadiko Gazteria Kontseiluak gertatutakoa salatu du. “Lan istripu honen atzean langile gazteen prekarietatea eta lan baldintza txarrak daude; azken urteetan baldintzak nabarmen okertu dira. Horiek dira lan gaixotasunen eta lan osasuna okertzearen arrazoia. Espero dugu gaztea azkar hobetzea”.
Baldintza txarrek, gainera, gazteen osasun fisiko eta mentalean “eragin kaltegarriak” dituela eta “lan istripuak eta prekarietatearekin lotura duten gaixotasunak pairatzeko aukerak gehitzen” dituela azpimarratu dute.
Horren guztiaren aurrean, Kontseiluak lan osasunaren arautegia betearazteko eta lan ikuskaritzak sustatzeko exijitu dio administrazioari: “Ondoko puntuak betearaztea eskatzen dugu: Langileria modu larrian kaltetu duten azken lan erreformak bertan behera uztea, negoziazio kolektiboaren egoera lehengoratu eta gazteriaren parte hartze sindikal eta laborala sustatzea, laneko gaixotasunak antzemateko eta horien prebientzioan Osakidetzak eta Osalanek gehiago parte hartzea, kontratazio formula berezien gaineko kontrol eta ikuskaritza gehiago, zaintza lanen onarpena eta erregulazioa eta lan jardunaldiaren orduak murriztea”.