HERICOAST proiektu europarrak Lekeition egingo du amaiera ekitaldia
Proiektuak lau urteko iraupena dauka, eta zikloa Lekeition amaituko da, azaroaren 6an egingo den jardunaldian. Leartibai Garapen Agentziak proiektuaren bidez garatutako eta eskualdeko kostaldeko natur eta kultura ondarea babestea eta horien jasangarritasuna bermatzea helburu duten hiru ekintza aurkeztuko ditu.
Leartibai Garapen Agentzia-Behargintza enplegu eta tokiko garapenerako zentroak jardunaldiak egingo ditu azaroaren 6an eta 7an Lekeition eta Pasaian. Eta jardunaldi horietan, hain zuzen ere, HERICOAST-Interreg lau urteko iraupena daukan proiektu europarrari amaiera emango diote.
HERICOAST proiektua Eskualde Garapeneerako Europako Funtsak finantzatuta dago eta bi fasetan banatzen da: ikasketa eta esperientzia trukaketa fasea eta jarraipen fasea. “Lehenengo fasea eskualde bakoitzak bere Eskualdeko Ekintza Plana idazteko informazio eta inspirazio iturri gisa erabiltzen da. Bigarren fasean, ostera, herrialde bakoitzean aurreko fasean zehaztutako Ekintza Plana martxan jarri eta lortzen diren helburuen jarraipena egiten da”, azaldu dute Leartibai Garapen Agentziko ordezkariek.
Lea-Artibaiko garapen agentziagaz batera, proiektuan ondokoek ere parte hartzen dute: Norvegiako Vest Adger diputazioa, Espainiako Gaztela eta Leongo Junta, Italiako Molise eskualdea, Irlandako Donegal diputazioa, Errumaniako Tulcea eskualdea eta Holandako CIVILSCAPE eta Amnsterdameko Unibertsitatea.
Zehaztu dutenez, lehendabiziko fasean hiru ekintza nagusi burutu dituzte:
- Kostaldeko ondarearen ustiaketa eta babeserako politiken diagnostikoa egin.
- Praktika onak identifikatu eta proiektuko kide guztien esperientziak biltzen dituen Toolbox edo Liburu Zuria deritzona sortu. “Lea-Artibairen kasuan ondoko praktika onak (5) identifikatu dira: Lekeitioko Itsas Ondarea, Lea ibarreko bailara, Ondarroa 2020 estrategia, Eskualdeko lurralde garapena lantzeko lan-amahaietan oinarritutako kudeaketa eredua eta Albaola Itsas Faktoria”.
- Bazkideek herrialdetara egindako bisitak: Tokiko esperientzia eta praktika onak ezagutu eta partekatzeko partaideek elkarren eskualdeak bisitatu dituzte.
Horiek eginda, partaide bakoitzak ondarea kudeatzeko politikak hobetzeko Ekintza Plana sortu du, jasotako ezagutza eta esperientzia ezberdinetan oinarrituz.
Amaiera ekitaldian, hain zuzen ere, urteetan garatutako ikasketa prozesua, sortutako ekintza planak eta lortutako emaitzak aurkeztuko dira. Zehaztu dutenez, lehenengo egunean [azaroak 6] Kostaleko Ondare Kulturalaren Kudeaketa: Tokiko Garapen Iraunkorraren Gakoa jardunaldia ospatuko da, Silken Uribarren hotelean. “Jardunaldi horretan proiektuko kideek eta Euskal Herriko hainbat erakundetako ordezkariek parte hartuko dute”. Hauek izango dira partaide batzuk: Mikel Xabier Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak, IƱigo Uriarte Basquetourreko Eskualde Garapeneko teknikariak eta Maria Peraita EHUko Hiri Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrako arkitekto eta ikertzaileak. Hitzaldia egiteaz gain, Lekeitioko Santa Katalina Itsasargira bisita ere egingo dute.
Bigarren jardunaldia azaroaren 7an egingo da, Pasaiako Albaola Museoan.
Garapen agentziako ordezkarien jakitera eman dutenez, proiektuari esker Lea-Artibaiko kostako natur eta kultura ondarea babesteko eta ustiatzeko politiken artean oreka lortu eta horien jasangarritasuna bermatzeko hiru ekintza sortu dituzte. Eta horiek dira azaroaren 6ko jardunaldian aurkeztuko dituztenak.