Subiranisten arteko batasuna bultzatuko du EH Bilduk Madrilen
Koalizioak Madrilera eroango dituen hiru ardatz nagusi aurkeztu ditu: autodeterminazio eskubidea mahai gainean ipintzea, politika sozial aurrerakoiak planteatzea eta gatazkaren konponbiderako preso eta erbesteratuen etxeratzea
Subiranisten arteko batasuna ardatz hartuta, autodeterminazio eskubidea mahai gainean ipintzea, politika sozial aurrerakoiak planteatzea eta gatazkaren konponbiderako preso eta erbesteratuen etxeratzea izango dira datozen urteetan EH Bildukoek Madrilen bultzatu eta defendatuko dituzten hiru ardatz nagusiak. Eta hala zehaztu dute gaur [azaroak 4] Idurre Bideguren eta Oskar Matutek Markina-Xemeinen eskainitako mitinean.
Hauteskunde kanpaina honetan, aurrekoetan ez modura, «hasieratik indartsu» daudela azpimarratu zuen Bidegurenek. «Aurrekoetan gutxinaka joan gara indarrak batzen. Orain ez, orain hasieratik gaude indartsu». Horrez gain, aurreko kanpainetan aurkeztutako lan ildoez gain, beste buelta bat eman eta haratago joan direla diote. «Ez gatoz aurrekoan eskainitakoa eskaintzera bakarrik. Pauso bat gehiago eman dugu. Horrela ezean, badakigulako berriro ere hauteskundeetara joango garela».
Madrilen kalitate demokratiko «eskasa» dagoela gaineratu zuten. «Indarrak batuta, horri aurre egin eta buelta eman behar diogu». Eta hori guztia, herritarrengandik hurbil egoten eta herritarrekin batera elkarreraginez egitea proposatzen dute. «Horiek dira gure oinarriak, politika egiteko gure modua. Politika horrela ulertzen dugu».
Mitina egin bitartean, greban dauden Markina-Xemeingo kiroldegiko langileek ere elkarretaratzea egin zuten Kontzekupe parean.