Basoaldea eta Antiguako Ama kaleak berritu nahi ditu Lekeitioko Udalak
Auzokideen eskariari erantzunez, hobekuntza horiek posible egingo dituen proiektua idatziko dute lehenengo. Proiektua idazteko lanen proposamenak bidaltzeko tartea zabaldu dute.
Basoaldea eta Antiguako Ama kaleak berriztatzeko lehen pausoak ematen hasi da Lekeitioko Udala. Auzokideen eskariari erantzunez, hobekuntza horiek posible egingo dituen proiektua idatziko dute lehenengo, eta ondoren, proiektuaren exekuzioa burutuko da.
Proiektua idazteko lanen proposamenak bidaltzeko tartea zabaldu du udalak azaroaren 12ra arte, eta behin aukeraketa eginda, proiektua idazteko hiru hilabeteko epea egongo da. Guztira, 42.955 euro bideratuko dituzte zeregin horretara. “Kale bi horietan, besteak beste, irisgarritasuna, inguruarekiko konexioa eta urbanizazioa bera hobetu beharra dago”, adierazi dute.
Gogora ekarri dutenez, Antiguako Ama auzoko eraikinak 60ko hamarkada hasieran hasi ziren eraikitzen, baina 1967ra arte auzoak ez zuen Antiguako Ama izena hartu. Basoaldea auzoak, berriz, 1903an hartu zuen izen hori, aurretik Colmenares deitzen zen. “Gaur egun ikusten ditugun etxeak 1976 eta 1984 artean eraiki ziren. Urte asko igaro dira bi auzoak eraiki zirenetik, eta denbora luze honetan urbanizazioetan premia berriak sortu dira”.
San Andres auzoan egin zuten bezala, auzokideekin harremana mantenduko dutela azaldu du udalak, “auzotarrek proiektuaren inguruko ekarpenak egin eta haien parte hartzea bultzatzeko”.