Lekeitioko 31. Kalekan parte hartzeko aukera zabaldu dute
Abenduaren 27ra arte egongo da zabalik proposamenak aurkezteko epea. Jaialdia 2020ko uztailaren 9tik 12ra bitartean ospatuko da.
Kalekak Lekeitioko nazioarteko kale arteen 31. jaialdian parte hartzeko aukera zabaldu du. Parte hartu nahi duten konpainia eta kolektibo guztiek abenduaren 27ra arte edukiko dute zabalik euren proposamenak aurkezteko epea. Jaialdia 2020ko uztailaren 9tik 12ra bitartean ospatuko da.
Laugarren urtez jarraian, bi deialdi luzatu dituzte: Sekzio Ofizialekoa eta Kaleka Scratch atalekoa. Azaldu dutenez, Kalekaren sekzio ofizialeko deialdia espazio publikoa edo izaera bitxiko espazioak gaurkotasunean burututako sorrera-lanak aurkezteko erabiltzen dituzten artista, kolektibo, elkarte profesional edo edozein autoretza motarentzat dago zabalik. “Kalekako deialdian hautatuak izan daitezke, kale-arte mailan jasota dauden edozein disziplinako lanak. Aldi berean, kontutan hartuko dira, nahiz eta esandako mailan jasota ez egon, espazio publikoa garapen-bide eta lanaren aurkezpen publiko bezala hartzen dituzten lanak”.
Scratch atalean, berriz, sorkuntza garaikideko sektorearen ideiak eta lanak garatzeko plataforma bat dela azaldu dute, publikoarekin, ikus-entzulearekin edo parte-hartzaileekin elkar-trukean jarduteko marko baten barruan. “Kalekak publikoaren hartzaile-aktiboaren paperetik haratago joan nahi du, eta horretarako sortzaileak eta hartzaileak elkar truke erlazio-egoera batean ipintzen ditu; Horregatik, Kaleka Scratchek, garapen egoeran dauden proiektuak esperimentatu eta berrelikadura honetan parte hartzeko audientziak gonbidatzen ditu”.
Nabarmendu dutenez, sare bidezko inprimakiaren bidez bakarrik jasoko dituzte proposamenak, eta balorazio eta hautaketa prozesua 2020ko urtarrilean burutuko da. “Proposamen eskaera bakoitzari emaitza posta elektroniko bidez jakinaraziko zaio”. Kalekaren web orrialdeko Deialdiak atalera jo behar dute kolektibo edo taldeek izena emateko.