Edriga Aranburu Agirre: “Egiten duguna esan eta esaten duguna egiten dugu”
Bizkaitik Senaturako hautagaia da lekeitiarra lehen aldiz. Madriletik ere Euskal Herriaren aldeko lan asko egin daitekela dio, eragina duten erabaki asko bertan hartzen direlako.
Azaroaren 10eko hauteskundeak euskal gizartearentzat aukera bat direla dio EH Bilduk, zergatik?
Inboluzio demokratiko baten aurrean gaude, oinarrizko eskubide eta askatasunak murrizten ari direlako Madriletik. Espainiako «ezkerreko» alderdiek, batez ere PSOE eta Elkarrekin Podemosek arduragabe jokatu dute, eta huts egin diote hainbat bozkatzaileri, ez dira eta gobernu akordio batera heldu, ezer aldatzeko duten ezintasunagatik. Izan ere, Espainiako Estatua ezin da demokratizatu. Orain aukera daukagu erabakigarriak izaten jarraitzeko eta Madrilen euskal herritarron ahotsa behar den bezala entzun eta arazo sozial, politiko eta zibilei irtenbidea emateko.
Pedro Sanchezek eta PSOEk kontrarreforma antidemokratikoaren bidea hartu nahi dutela diozue. Ze bide jarraituko duzue hori galarazteko?
Hasieratik esan dugu, egiten duguna esaten dugu, eta esaten duguna egin. Premisa hau kontuan izanda, euskal herritarren eskubide zibil, politiko eta sozialak urratzen diren heinean aurrean izango gaitu alderdi sozialistak. Euskal Herritarron eta Kataluniako herritarren autodeterminazio eskubidea defendatzera goaz, gure autogobernua defendatzera, Espainiako eskuin autoritarioa gelditzera, eskubide sozialak babestu eta errespetaraztera (pentsioak, enplegua, hezkuntza, etxebizitza…), datozen murrizketa sozial eta ekonomikoei aurre egitera, eta azkenik, preso eta erbesteratu politikorik egon ez dadin lan egitera. Beraz, PSOEk aukera dauka bide honi guztiari ekiteko edo eskuin edo ultraeskuinagaz bat egiteko.
Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko eta Galiziako subiranisten elkarlana ezinbestekoa izango da?
Dudarik gabe. Aurreko legegintzaldian ere ERC eta BNGgaz akordio estrategikoa lortu genuen, gure nazioak babestu eta elkarlanean gure herritarrren interesak defendatzeko, izan ere, batuta gehiago garelako. Orain gutxi ere, urriaren 25ean, La Llotja de Marreko adierazpena sinatu genuen Herrialde Katalanetako eta Galizako indar subiranista eta independentistekin batera, besteak beste, autodeterminazio eskubidearen inguruan elkarlana bultzatzeko, geure ekimen politiko guztien izate demokratikoa eta bakezalea bultzatzeko, askatasun politiko, zibil eta sozialak defendatzeko eta preso politikoen askatasuna eta erbesteratuen itzulera bultzatzeko. Deigarria da adierazpen hau, besteak beste, BNG, ERC, CUP, Junts per Catalunya eta Partit Democrata – PDCATek sinatzea, eta, aldiz, EAJk ez egitea, horretarako jarritakoa argudioa ez dela adierazpen konstruktiboa izanik. Herri honi azaldu beharko dio zergatik ez den konstruktiboa eta sinatutako adierazpenetik zein puntugaz bat egiten ez duen. Guk argi daukagu bidea batzea dela, beraiek zertan dabiltza? Historikoki, beraien bazkide politikoa izan den PDCATek ere sinatu du, eta beraiek? Norekin daude?
Altsasuko gazteen edota espetxean dituzten Kataluniako ordezkari politiko eta independentisten egoerak baldintzatuta datoz hauteskundeak.
Argi ikusi da, bai egoera bata zein bestea injustizian oinarrituta daudela. Taberna baten gertatutako egoera batengatik ia 10 urtetako kartzela zigorra? Herriari hitza ematearren beraien buruzagiei guztira ia 100 urteko kartzela zigorra? Gure ahotsa entzungo dute, eta behar den instituzio guztietan egoera hauek eta etorri daitezkeenak salatuko ditugu. Europari erakutsiko diogu Espainiako Estatuan ez dagoela demokraziarik.
Pentsiodunen gaia ere oraindik mahai gainean dago.
Bai horrela da, eta txalogarria eta txapela kentzeko modukoa dela esan nahi dut beraiek astelehenero udaletxeen aurrean egiten duten lana. Guztion artean lortu behar dugu gure pentsionisten egoera hobetzea. Horregatik, EH Bildutik euskal erakundeetan egin izan dugun bezala, Madrilen ere 1080 euroko gutxieneko pentsioa, legez KPIaren araberako eguneraketa eta iraunkortasun faktorea behin betiko indargababetzeko eskatuko dugu.
Erorien Harana hizpide izan da azken asteetan. Mausoleo horretan euskal herritarrak ere badaude, horiek bertaratzeko zer edo zer egiteko asmorik badaukazue?
Bai, zoritxarrez ikusi izan dugu Frankismoa gaur egun ere pil-piliean eta bizirik jarraitzen duela. Pedro Sanchezek saldu zigun Franco diktadorearen momia aterako zuela, izan ere biktimei humillazioa zela leku horretan egotea. Bueno, ba 40 urteren ondoren, hori lortu da ( ez dezagun ahaztu aurretik ere PSOE gobernuan egon dela eta aukera izanik egiteko, ez duela izan) baina, biktimen agrabio bihurtu izan dela espektakulo guztia, estatu ohoreak emanez atera izan dutelako eta hau salagarria da guztiz. Momia ateratzea erreza da, Frankismoa erakundeetatik ateratzea zailago, eta hori da lortu behar duguna. Joseba Asiron Iruñeako alkate ohiak ere Mola eta Sanjurjo atera zituen, horrelako itxura lotsagarria eman gabe. Kunetetan dauden euskal herritarrak behar duten ohorea izan, erreparazioa bultzatu, justizia ezarri eta biktimatzat hartzeko ematen diren ekimen guztietan izango da EH Bildu, orain arte bezala.
EH Bilduren konpromiso politikoa demokrazia, askatasun, eskubide, justizia eta burujabetza gehiago lortzea da. Zein da hori lortzeko egingo duzuena? Zein izango da Euskal Herriari begira Madrilen egingo duzuen ekarpena?
Madrilera goaz euskal herritarron ahotsa izateko eta gure eskubide nazional eta sozialak defendatzera. Garrantzitsua da ahots propioa izatea. Espainiako alderdi bakar batek ere ez dituelako euskal herritarron interesak aurretik jarriko. Bermea gara eta konfiantzazkoak gara. EH Bildukoak gertukoak gara, herritarrek ezagutzen gaituzte eta badakite gugan konfiantza izan dezaketela. Gure hitza eta herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen ditugu. EH Bildu indartsu bat behar dugu, Euskal Agenda Soziala bultzatzeko eta hobekuntzak lortzeko, besteak beste, pentsiodunen, gazteen, emakumeen eta langileen ahotsa izango garelako: pentsio duinak, eskubide laboralak, feminismoa eta gazteentzako etorkizun duina defendatuz.
Madrilen egiten den politikak nola eragin dezake Bizkaian?
Madrilen egiten den askok eragina dauka gure egunerokotasunean. Guretzat garrantzitsuak diren erabaki asko Madrilen hartzen dira, Madriletik inposatzen dira. Beraz, Madrilera joan behar gara esateko hemen herri bat dagoela, herri honek bere etorkizuna demokratikoki erabaki nahi duela, eta gure eskubide nazionalak, sozialak eta politikoak defendatzeko. Adibide batez, Eusko Legebiltzarrak gaur egun ez dauka eskumen nahikoa bertoko ikasleen beka sistema nahi duen bezalakoa izateko, Madrilek ez digulako uzten. Horretarako ere bagoaz Madrilera: Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako herritarren interesak defendatu eta urraketa guztiak salatu eta planto egiteko. Eusko Legebiltzarrak zein Nafarroako Parlamentuak hartutako lege sozialak defendatuko ditugu eta Espainiako Gobernuak lege hauei jarritako errekurtsoak berehala erretiratzea exijituko dugu.
Herri mailako politikagintzan urte askoan lanean, eskarmentua baduzu. Zer eskaini dezakezu Madrilen?
Bueno eskarmentua eskarmentua… (barreak). Gurea talde lana da, eta gobernuan zein oposizioan gauden erakunde guztietan zein kalean erakutsi dugu badakigula gauzak egiten, gauzak beste modu batera egiten, herritarrak eta euren eskubideak erdigunean jarriz, inolako elite ekonomiko zein politikok baldintzatu eta presionatu gabe. Madrilen indartsuak izan behar gara, EH Bilduk bozka asko lortu behar ditu, goranzko joera izan behar dugu, horrela bai Espainiako Diputatuen Kongresuan zein Senatuan indartsu esateko gu euskal herritarrak garela, Euskal Herria dela gure ardatza eta helburua, eta hor gaudela, ahalik-eta azkarren berriz bertan ez egoteko, Euskal Herri independentea nahi dugulako, Euskal Estatua eratu nahi dugulako. Beraz, Senatuan ere, guzti hau aurrera eramaten saiatuko gara beste indar subiranista eta independentistekin batera, beraien borroka gurea era badelako.
Senatuak, baina, boterea mugatuta dauka Kongresuagaz alderatuta. Zein izan beharko litzateke senatarien funtzioa?
Bueno, ez naz ni izango Espainiar Konstituzioa defendatuko duenik, baina batzuei ahoa asko betetzen zaie bertako artikulu batzuk goraipatuz ( estatuaren batasuna, 155.artikulua, militarismoa…) Ba bertan, agertzen da 69. Artikuluan Senatua lurraldeen ordezkaritzaren Ganbara dela. Honek esan nahi du bertan, nazionalitate ezberdinetako arazoak aztertu beharko liratekeela, baina jakin badakigu, ez duela bere funtzioa betetzen eta beste interes batzuetarako erabili izan dutela beti, orain gutxi adibidez Espainiar konstituzioko 155. Artikulua aplikatzeko Katalunian. Hau aldatu beharra dago eta horri ekingo diogu.
Senatuan euskaraz hitz egiteko aukerarik badago? Ezin bada, ze jarrera hartzen du EH Bilduk horren aurrean?
Printzipioz legearen arabera badago, baina jakin badakigu ez dela Madrilen erreza gure hizkuntza erabiltzea, batez ere PSOEk eta PPk ( orain Ciudadanios eta VOX) ez dutelako nahi. Gure hizkuntza eskubideak babestuko ditugu behar diren erakunde guztietan eta euskarak behar duen errespetua, babesa eta ofizialtasuna aldarrikatuko dugu.
Apirileko emaitzak hobetzea espero duzue?
Noski! Hauteskunde haietan emaitza onak izan genituen, erakutsi genuelako erabakigarriak garela eta gu bozkatzea balore segurua dela. Araban Iñaki Ruiz de Pinedo kongresista izatea lortu genuen, baina garrantzitsuago Maroto eskainu gabe izatea lortu genuen. Bel Pozueta, Nafarroan ez zen kongresista irten 400 eta piku botorengatik eta beraz Nafarrak ezkerreko abertzale eta subiranista ahots propio gabe geratu ziren. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guri bozkatu ziguten guztien laguntzari esker lortu genuen Vox, PP eta Ciudadanosek eskainurik ez ateratzea. Oraingoan, Bel Pozueta, Iñaki Ruiz de Pinedo eta Idurre Bideguren ere Madrileko kongresista bezala aterako dira eta senaturako ere emaitza hobeak izango ditugula ziur nago. Baina horretarako, ezkerreko abertzale eta subiranista bozka bat bera ere ezin da etxean geratu. Izan ere, gu ez bagoaz, besteek irabazten dutelako.
Hauteskundeak berriro. Gobernurik osatuko da oraingoan?
Ba espero dugu, herritarrek ez dute ulertuko hirugarren hauteskunde batzuetara bueltatzea, nahiz eta hori gertatu aurretik, uste dut, PSOEk Ciudadanosekin akordio bat lortuko duela edota PPrekin ere azken hau abstenitzeko, Rajoyren gobernuarekin alderantziz gertatu zen bezala. Gure aldetik ez dugu babestuko eskuinaren babesa duen gobernurik. Gure botoak beti izango dira eskuina geldiarazteko, Nafarroan, Gasteizen eta Araban edo Madrilen erakutsi dugun bezala.