Ondarroako 'Kirrixki' ontzia erre da Pasaian
Oraindik argitzeko dauden arrazoiak tarteko, sua azkar hedatu zen ontzian. Larrialdi zerbitzuen arabera, ez da zauriturik egon, eta Pasai Donibaneko Zamakona ontziolan ere ez da kalte larririk egon.
Atzo [azaroak 6] gauean Ondarroako Ropesa enpresako Kirrixki arrasteontzia erre zen Pasai Donibaneko Zamakona ontzitegian. Irlandan abordatze bat jasan ostean, konponketa lanak egiteko zegoen bertan Irlanda eta Eskoziako itsasoetan ibiltzen den arrantzontzia. Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, larrialdi zerbitzuek 19:10erako jaso zuten abisua.
Oraindik argitzeko dauden arrazoiak tarteko; sutearen iturburua ikertzen ari dira. Sua azkar hedatu zen bandera frantsesa duen ontzian, eta altuera handiko sugarrak ikusi ahal izan ziren. Irungo, Zarauzko eta Tolosako 19 suhiltzailek parte hartu zuten sutea itzaltzen. Larrialdi zerbitzuen arabera, ez da zauriturik egon, eta ontziolan ere ez da kalte larririk egon. Ia bi orduren ondoren itzali zuten sutea, 21:00ak aldera.
Suteari buruzko informaziorik ez dute ontziaren armadoreek, eta oraindik ez dakite zer kalte jasan dituen. “Kalte handiak ditu, baina ez dakigu zer neurritaraino”. Jakitera eman dutenez, konponketa lanak amaitzeko gutxi falta zen. “Astelehenean edo martitzenean itsasoratzeko asmoa genuen”.
Hain zuzen ere, Ginearantz zihoan Hua Sheng hai zamaontzi txinatarrak urriaren 12an goizaldean abordatu zuen Ondarroako ontzia, Hego Irlandako uretan, brankan kalte handiak eraginez. Kerryko kostaldean jazo zen gertakaria, Valentia irlaren ipar-mendebaldetik 37 miliara. Talkaren ondorioz, ontziko brankan kalte handiak jaso zituzten, eta arrantzale bat larri zauritu zen.