Mutrikuko 52 dendatan erosten dutenek bizikleta elektrikoa irabazteko aukera edukiko dute
Mutrikuko Udalak eta herriko 52 komertziok abiarazi dute 'Mutrikun erosi eta on egin!', herriko merkataritza txikia sustatu, bultzatu eta herritarrei herrian erosteak duen garrantzia azpimarratzeko. Kanpainak bi hilabete iraungo ditu.
Mutrikuarrek eta inguruko herrietako bizilagunek Mutrikun dagoen merkataritza eskaintza erabiltzea nahi dute Mutrikuko merkatariek eta Mutrikuko Udalak. Helburu horrekin, eta iaz egindako kanpainari jarraituz, aurten, azaroaren 9tik urtarrilaren 6ra bitartean herriko 52 dendatan erosten dutenen artean Orbea markako bi bizikleta elektriko (Orbea Katu eta Orbea Keram) zozkatuko dituzte. “Tokiko ekonomia bultzatzeaz gain, mugikortasun iraunkorreko eredua ere sustatu nahi izan da”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Iaz ez modura, aurten “sari potoloa” ipintzearen alde egin dutela azaldu dute. “Iazko kanpainan guztira 6.000 euroko balioa zuten 100 euro eta 50 euroko bale txikiak banatu ziren. Aurten, baina, sari potolo baten aldeko apustua egin da. Eta bidegorriko lanak 2020ko lehen hiruhilabetean amaituko direla kontuan edukita, sari hori bizikleta izatea erabaki dugu”. Izan ere, herriko komertzioei laguntzeaz gain, kanpainak herri bizia mantentzea eta mugirkotasun iraunkorraren eta konexioaren ideia sustatzea ere baditu helburu.
Zozketan parte hartzeko, erosleek 10 eurotik gorako erosketak egin beharko dituzte. “Zozketako txartelak erosketa tikearekin batera gorde behar dira. Ez da onartuko erosketa tikerik ez duen txartelik. Beraz, herritarrei erosketa tiketak txartelarekin batera gordetzeko konpromiso hori eskatzen zaie”, esan du Marta Amonarriz Mutrikuko Garapen Koordinatzaile eta Turismo Teknikariak. Guztira 100.000 txartel atera dituzte.
Zehaztu dutenez, kanpainarekin 27 eta 50 urte bitarteko herritarrengana heldu nahi da. “Azken finean, urte bitarteko horietako herritarrak dira herrian erosteaz gain Internet bidez ere asko erosten dutenak”. Aldi berean, kanpainak bi hilabete iraungo dituenez, “Gabonetako kanpaina ere indartu” egingo dutela diote.
Zozkatuko diren bi bizikleta elektrikoak Erdiko Kaleko erakusleiho batean jarriko dituzte ikusgai (5 zenbakian). urtarrilaren 10ean egingo da zozketa ekitaldi publiko batean
Kanpainari Mutrikun erosi eta on egin! leloa ipini diote. “On egin Mutrikuri, etorkizunari, lanpostuak sortzeari, ingurugiroari eta nork bere buruari. Izan ere, herrian erosita guztiok irabazten dugu; herriaren etorkizun komertziala bermatuz, herri bizia izango dugu”.
Herritarren arreta erakartzeko, zozkatuko diren bi bizikleta elektrikoak Erdiko Kaleko erakusleiho batean jarriko dituzte ikusgai (5 zenbakian). Hori bai, argi utzi dute bi bizikletak herritar bakar bati ezingo zaizkiola tokatu. Kanpainan parte hartzeko 16 urte beteta eduki behar dira”. Bizikletak ere denda txiki batean erosi dituztela esan dute. “Mutrikun ez dagoenez bizikletak saltzen dituen dendarik, Debako denda batean erosi ditugu”.
Zozketa. Kanpaina amaitu eta gero, urtarrilaren 10ean egingo da zozketa ekitaldi publiko batean. Guztira 4 zenbaki aterako dira. “Bi zenbaki sarituak izango dira, eta beste bi ordezkoak”. Gaineratu dutenez, irabazleek ezingo dute bizikleta bat edo beste aukeratu, ezta bizikleten balioa dirutan eskatu ere.
Oro har, helburua herritarrengana heltzea dela esan du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak. “Helburu horrekin aspalditik gabiltza. Udala beti herriko merkatari txikiei laguntzeko prest agertu da. Espero dugu kanpaina honetan emaitza onak lortzea. Merkatariak izango dira kanpaina nola dihoan esango dutenak, haiek dira termometroa”.
Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek kanpainaren irudia edukiko dute erakusleihoan, eta herritarrei informazioa emango diete. Ondokoak dira establezimenduak: Abel harategia, Adats ile-apaindegia, Alazne optika, Albaro denda, Alkolea edaritegia, Aldana burdindegia, Alday klinika, Ansorregi oinetakoak, Apain, Aparra, Apartak ile-apaindegia, Astigarraga anaiak, Atxukale estankoa, Atxukale gozokiak, Beristain liburu denda, Beristain drogeria, Beristain estankoa, Bigara, Dilaitz barne diseinua, Ekoamalur, Expert Arostegi, Gotzone ile-apaindegia, Goxart, Iparragirre altzariak, Iratxe Lorak, Iripe, Islada fisioterapia, Itxasne frutategia, Joseba Masajeak, Kristina-Enea, Lasuen-Elezgarai farmazia, Lekube burdindegia, Lon Apraiz farmazia, Madariaga, Maide Pinto zentroa, Maneiro lentzeria, Maritxu ta Josune ile-apaindegia, MGS Aseguruak, Mila fruta denda, Nerea ile-apaindegia, Olaizola arropak, Ostadar, Oreka, Perras arrandegia, Potero, Sabina, Sagrario dietetika, Soul, Txalaparta, Txikixak, Tximak ile-apaindegia eta Zuriñe estetika.