Bizi-bizi agurtu da Lekeitioko Katu Baltza
16. Katu Baltz eguna ospatu zuten zapatuan Lekeition. Azkena zela iragarri zuen urte guzti horietan jaia antolatzen aritu den Katu Baltz taldeak.
Hamasei urtez Lekeitioko udazkenak giro onez bete ditu Katu Baltz egunak, eta aurten ere ez du hutsik egin. Baina aurtengoa azkena izan da. Orain dela 16 urte sortu zuten Katu Baltz egunari amaiera eman dio Katu Baltz Taldeak. Hasieran talde handia baziren ere, momentu honetan antolaketarako sei esku besterik ez ziren gelditzen, eta urte guzti hauetan “mimo guztiagaz” antolatu duten jaiari agur esatea erabaki dute: “Gure partetik denei eskerrak ematea geratzen zaigu, benetan gustura ibili gara jai hau aurrera eramateko lanean, baina hona arte heldu gara, aurtengoarekin amaiera ematea erabaki dugu”.
Ohi modura pregoiagaz hasi zuten zapatuko [azaroak 9] jaia, eta orduan jakinarazi zuten erabakia. Batez ere urte guzti hauetan lagundu duten taldeak izan dituzte gogoan agurtzeko orduan, “euri zein haize jaiarekin bat egin eta, urtez urte parte hartzeko prest egon direnak”: Aittitta Txiki kultur taldea, Zaletxuak, Itxaropena txistulariak, Lekitto Musika Banda, trikitilariak, Dunbots joaldunak, Aittitta Makurra txaranga, Etorkizuna dantza taldea eta Maria Talako eskulan tailerrekoak. Horiez gain udalari, ikastetxeei, kultur eta kirol taldeei eta eskua luzatu duten norbanako guztiei ere eskerrak eman dizkiete.
Azken urte bietan herriko tabernari elkarteak ere bat egin dute jaiagaz, baina aurten huts egin dute, eta errelebo faltagaz gainera, jaia desagertzearen arrazoietako bat hori ere izan dela azaldu dute. “Herriko jai bat izanik denen ekarpena izaten da-eta ezinbestekoa”.
Bizi-bizi. Giro falta ez da izan ez arrazoia. Indartsu utzi dute jaia. Euria egin arren herritarrek gogoz erantzun ziotenĀ jaiari. Goizetik batu zen jendea Limoneroetan eta gauera arteko ekintza guztietan parte hartu zuten. Aurtengo Erakusleiho onenaren saria Ziarreta dendako Pili Erkiagari eman diote. “Erakusleiho ikusgarria prestatu du, eta bera izan da aurtengo irabazlea”. Ohi modura, Maria Talako eskulan tailerrekoek prestatutako oroigarria jaso zuen sari modura.
Euriaren eraginez aldaketa batzuk egon ziren egitarauan. Etorkizuna dantza taldekoek Kontzijopean egin behar izan zuten dantzan, eta suzko zezena bertan behera geratu zen. Hala ere, Dzunba dzunba taldeak egindako txokolateak harrera ona eduki zuen, eta lagun talde handia batu zen txikiteo kantatura, haizeari eta euriari kasurik egin barik, lagunarteko giro ederrean abestu asmoz.
Galarrenak antolatutako DJ saioak ere erantzun ona izan zuela gaineratu dute Katu Baltz taldekoek. “Gazte pila bat hurreratu zen DJaren musika entzutera”.